HAUR LITERATURA

Elefante arrosa eta urdinak

Xabier ETXANIZ
Duela 30 urte baino gehiago argitaratu zen liburu hau lehenbizikoz; literatura feministak beste esparru, beste eskaintza bat eman nahi zien neska-mutikoei. Haur txikientzat zegoen literatura klasista eta matxistaren aurrean bestelako irakurketa bat. Eta helburu horrekin Adela Turin idazle eta kritikoak hainbat lan idatzi zituen, Nella Bosniarekin batera «Neskatoen alde» izeneko bilduma osatuz. Hau dugu bilduma horretako lanetako bat, eta irakurle txikienak ere erraz ulertuko du elefanteei buruz ari direnean ez dutela animali horiei buruz hitz egiten. Ipuineko herrialdean elefante emeek kolore arrosa baitute, eta kolore hori lortzeko esparru mugatu batean egon behar dute. «Elefante kume emeek, jaioz geroztik, egunero-egunero peoniak eta eguerdi-liliak besterik ez zituzten jaten. Horregatik zuten kolore hori. Peoniak eta eguerdi-liliak ez ziren oso janari goxo eta egokia, baina...» elefante emeek egoera jasan beharra zuten aurrerago senarra aurkitzeko.

Egoera hori, jakina, emeek jasan behar zuten. «Peonia eta eguerdi-lilien itxituratik, elefante kume emeek beren anaiei eta lehengusuei begiratzen zieten: grisak ziren denak, jostetan aritzen ziren usain goxoko sabanan, belar berdea jaten zuten, uretan eta lohian ibiltzen ziren iraulka, eta goxo egiten zuten lo arbolen itzalean».

Egoera hori, batzuentzat zoriontsua zen egoera, Paskualina elefante emeak hautsi zuen. Bera, liliak eta peoniak jan arren, ez baitzen arrosa kolorekoa eta gurasoek hesitik libre uztea erabaki zutenean eme guztiek ikusi zuten disfrutatzen, jolasten, uretan eta lohian bueltaka...

Istorioaren amaieran zera digute: «Aspaldiko garai hartatik, elefante taldeko kumeak jostetan ikusten dituenak nekez bereizten du zein den emea eta zein arra», eta egia da garai haiek joan arren oraindik garai haietako kontu asko bizirik daudela, zoritxarrez, gure artean. Arrosa eta leuna album zoragarriak lagunduko al digu urruntzen!