A. A.

Ekaitz Maizek bost 9a ditu; azkena, «Harri gosea» da

Hilaren 14an, eskalatzaile nafarrak Etxauriko Kale Borroka sektorean sortutako bidearen lehen igoera egin zuen. 40 metro luze da, jarraitutasunekoa, baina erresistentzia eta blokea tartekatzen ditu.

Jakina denez, Ekaitz Maiz harri gosez dabil beti. Ziur aski, horregatik eman dio bere azken ikus-entzunezkoari «Harri gosea» izena. Eta izenburu bera darama pasa den 14an kateatu zuen bideak.

Irakurleak ondo jakingo duenez, eskalatzaile nafarraren filosofiaren zutabe garrantzitsuenetariko bat bideak sortzea da. «Harri gosea» Etxauriko Kale Borroka sektorean zabaldu zuen, 40 metro luze da eta jarraitutasuna du ezaugarri nagusi. Hala ere, erresistentzia eta blokea tartekatzen ditu. Gainera, 40 metro horietatik hogeik eroria dute, eta, oro har, heldulekuak erregeletak dira. Lehen igoera egin ondoren, Maizek 9a proposatu du. Hots, gradu horretako bere bosgarren marra da.

Beste behin Etxaurin eta berak sortutako proposamena: «Etxetik gertu dut, eta horrek asko laguntzen du. Alabaina beste eremu batzuetan ere bide gogorrak ekipatu ditut; oraindik egin gabe daudenak».

Nafarrak berak aitortzen duenez, kosta egin zaio lehen igoera hori egitea: «Buruhauste handienak azken bolada honetan egin dituen baldintza eskasekin izan ditut: beroa, hezetasuna, bustia... Gogoan izan behar da urtarriletik ekaina bitartean oso giro txarra egin zuela, eta horrek izugarri zaildu dit bidea kateatzea. Gainera, horrelako bideetan neurria eta erritmoa hartzea kosta egiten zait».

Maizi galdetu diogu, beste goi mailako eskatzaile batzuek ez bezala, berak denbora asko pasatzen duela muturreko bideetan: «Hala da. Saio gutxitan egiteak, erakustaldia izateaz gain, plazera behar du izan. Bide hau nik neuk sortu, landu eta kateatu dut. Hots, inoren laguntzarik gabe, mugimendu guztiak nik landu ditut. `Saio gutxitan' bide zailak egiten dituztenei bidea `flasheatzen' diete, eta, jakina, horrek asko laguntzen du. Meriturik kendu gabe, uste dut estilo horrek asko errazten duela».

Mugimendu zoragarriak

Maizek «Harri gosea» 9a bezala proposatu du. Lan handia eskatu eta saiatzen ari zen bitartean izaniko sentsazioetan oinarritu da proposamen hori egiteko: «Bidearen zailtasunaren gainetik bi eite azpimarratu nahi nituzke: izugarri estetikoa da eta mugimendu zoragarriak ditu. Ez naiz gradu jakin baten bila joan; bidearekin erabat motibatua nengoen. Hori bai, uste dut egin dudan biderik zailena dela. Kirol eskaladan egin ditudan bideen artean azken hau maila gorenean kokatuko nuke».

«Harri gosea» marrarekin Maizek dagoeneko bost 9a poltsikoan ditu, eta, aipatu behar da, Euskal Herrian, bederen, ia inork ez duela kopuru hori. «Nire ibilbidean beste urrats bat izan da. Dena den, mundu mailan puntako eskalatzaileek egiten dutena ikusirik, egun 9a kateatzea ez zait jarduera on bat iruditzen».

Protagonistaren ibilbidea aintzat hartuta, argi dago 9a gradua oso sendo duela. Horri tiraka, zera galdetu diogu: ez al duzu asmorik zailtasunean beste urrats bat egiteko?: «Nire lehentasunen artean ez dago inolaz ere 9a+ baten bila joatea: ez dakit gradu hori egiteko gai ote naizen, zailtasun horretako bideak etxetik urruti samar ditut eta, agian, dauden alderdiek ez naute motibatzen. Nork daki, etorkizun batean zer gerta daitekeen. Bide batez, Asier Luke, Zopolori, eskerrak eman nahi dizkiot, beragatik ez balitz ez nuelako bide hori kateatuko. Eta Anza, Lujan, Xabi, Kapota, Viedma, Gindi, Aspi eta Ibairi besarkada bana. Ea aurki elkar ikusten dugun».