Andoni ARABAOLAZA
Blokea | Albarracin

Iker Arroitajauregik urrats bat egin du zailtasunean «Txapela»rekin (8c)

Arroitajauregik «Txapela» sortu eta sinatu berri du, eta bloke horrentzat 8c proposatu du; hots, gradu horretako lehena da. Albarracineko Peninsula sektorean dagoen boulder horrek 30 mugimendu ditu, eta eskalatzaileak dio erresistentzia handia eskatzen duela. Lan eta denbora asko kostatu zaio.

Iker Arroitajauregi urte biribila izaten ari da oso. Beti esaten dugu bilbotarra Euskal Herriko blokeroen artean erreferentzia nagusietarikoa dela, eta zailtasunean bederen, aurten urrats oso garrantzitsuak egin ditu. Graduari dagokionez, lasai asko esan dezakegu bere urtea dela. Azken ginga hil honen 14an jarri zuen: «Txapela» (Peninsula sektorea, Albarracin). Arroitajauregiren ustez, 8c izan daiteke. Hots, gradu horretako bere lehen blokea.

Baina aipatu dugun jarduera hau ulertu eta kokatu ahal izateko, joan den negutik udazken honetara egin duen bidea azaldu nahi genizueke. Aldez aurretik aipatu nahi genuke espezialista honek egiten dituen bidaietan, ondo baino hobeto estutzeaz gain, beste helburu nagusi bat duela: blokeak zabaltzea. Azken eite hori gabe ezin da ulertu Arroitajauregiren ibilbidea.

Baina zentra gaitezen bilbotarraren azken jardueretan. Pasa den negura arte hamabost 8b sinatuta zituen. Udaberrian, berriz, Fontainebleaun gai izan zen lau 8b+ egiteko. Zur eta lur utzi zituen baso hartan eskalatzen ikusi zutenak; izan ere, orriotan esan genuen bezala, maisutasun handiz lortu zituen.

Pasa den udaran, bestalde, 8b+ graduaren bidean jarraitu zuen. Ruben Diazen «Indartsu» eta Arroitajauregik berak zabaldutako «Ikara» poltsikoratu zituen. Biak ala biak Hoya Morosen egindakoak. Eta biak ala biak 8b+ gradukoak, baina ezaugarri ezberdinetakoak. Lehena oso gogorra zailtasunean: 12 mugimendu sabaian; oso fisikoa eta erresistentziakoa. Hiru eguneko lana behar izan zuen. Eta bigarrena: «10 mugimendu oso jarraituak zailtasunean 8 metroko garaiera duen espoloi batean. Oso-oso psikologikoa. Orain arte egin dudan blokerik ederrena izan da».

Eta orain, 8c

Jakina, lerrootako protagonistak han eta hemen blokeak igotzen eta sortzen jarraitu du. Eta Albarracinen iritsi da zailtasunean erdietsi duen blokerik gogorrena. Peninsula sektorean «Txapela» zabaldu zuen. Zabaldu bai, baina, beste muturreko korapilo asko ez bezala, azkenengo hori asko kosta zaio: «Helburu hau orain arte egin dudan zailena izan da. Denbora eta lan asko eskatu dit. Pasa den neguan zabaldu nuen. Mugimendu guztiak askatzea eta hauetariko batzuk lotzea lortu nuen. Baina, aitortu behar dut, bloke guztia egitea oso zaila ikusten nuela. Adibide bat: egin ditudan 8b+ guztiak 5-7 egunetan sinatu ditut. Orain dela hilabete bat Albarracinera itzuli nintzen, «Txapela»ren zikloa itxi nahi nuelako, eta, azkenean, poltsikoratu dut».

Hilaren 14an izan zen hori, eta Arroitajauregik bere sormen lanerako 8c proposatu du. Hots, bere lehena. Horrela bada, euskal blokeroek lortu duten hirugarren 8c da.

Protagonistak dio lan eta denbora asko eskatu diola «Txapela»-k eta 8c bezala proposatzen duela. Baina ze ezaugarri ote ditu egin berri duen muturreko bloke horrek? Bada, aitortu behar da ez dela hain gustuko duen garaiera handiko blokea. Edo bloke motza eta esplosiboa. Bi ezaugarri horiekin ez du antzik. «Txapela» luzea da, eta, agian, batzuk zeharkaldi bat bezala har dezakete. Baina eskalatzaileak besterik dio: «Bloke honek erresistentzia handia eskatzen du, eta guztira 30 mugimendu ditu. Egia da, bloke bat bezala hartzeko mugimendu asko dituela, baina argi dut bloke bat dela. Zergatik hori? Bada, bloke hori eserita hasten zarelako, eta hasiera horretan mugimendu gogorrenak dituelako. Ondoren, goranzko joera duen blokearen izkinatik jarraitzen duzu. Sekzio horretan helduleku kamutsak nagusi dira, eta gorputzaren konpresioa eta tentsioa ikaragarria da».

«Txapela» blokeak Arroitajauregi asko bete duela ezin da ukatu. Berak sortu eta lehen igoera egin du. Eta, gainera, bere ibilbidean egin duen blokerik zailena da. Aipatu dugun bezala, zailtasunari dagokionez, urte biribila izaten ari da. Guztira, zazpi 8b+ eta 8c graduko proposamen bat. Aitortu behar zaio asmatzen ari dela.