Andoni ARABAOLAZA
Eskalada | Aretxabaleta

Ikuskizuna eta giroa Euskadiko Boulder Txapelketan

16 urtez azpikoetan, Andrea de Goñi eta Mikel Linazisoro izan ziren garaile. Jone Ugartemendia eta Mikel Inoriza 18 urtez azpikoetan gailendu ziren. 20 urtetik beherakoetan, berriz, Itziar Zabalak eta Ibai Isusik irabazi zuten. Seniorretan, azkenik, Irati Anda eta Markel Mendieta izan ziren indartsuenak.

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako eskalada hitzordu nagusiak, hots, Euskadiko Zailtasun eta Bloke Txapelketak jokatu dira dagoeneko. Aurreko astean aipatu genizuen Berriobeitin zailtasuneko proba izan zela. Bada, astebetera blokekoa izan da. Hain zuzen ere, deialdia Aretxabaletako Ibarra kiroldegian izan zen, eta aitortu beharra dago erantzuna oso garrantzitsua izan zela. Izan ere, 80 lehiakidek Euskadiko Bloke Txapelketan hartu zuten parte. Beraz, zailtasuneko proban baino 30 lehiakide gehiagok eman zuten izena.

Berriobeitik bezala, Aretxabaletak ere pasa den larunbatean negu giroarekin hartu gintuen. Alabaina, lehiaketan zehar kiroldegian bizi izan zen giroak bestelako aurpegia erakutsi zuen. Goizean jokatu ziren sailkapenak ikusten makina bat jende izan zen, baina arratsaldeko finaletan harmailak lepo bete ziren. 300 lagunek baino gehiagok hartu zuten gozatua lehiakideek emandako ikuskizunarekin!

Ikuskizuna aipatu dugunez, azpimarratu behar dugu blokeko lehia hauek, zailtasunekoekin alderatuta, askoz ere dinamikoagoak direla, eta aspertzeko betarik ez dagoela. Izan ere, indarrean jartzen den formatuan une oro lehiakideak estutzen ikusten direlako. Eta hori, jakina, ikusleek izugarri eskertzen dute. Sailkapenetan, adibidez, lehiakide guztiak 10 bloketan borrokatzen ikusi genituen. Hala ere, une batzuetan ilarak zeuden, baina, tira, buruhauste handirik ez zuten eman. Finaletan, berriz, lasaitasuna askoz ere nabarmenagoa da.

Oro har, lasai asko azpimarra genezake Euskadiko Bloke Txapelketaren zortzigarren ekitaldia arrakastatsua izan zela oso: parte hartzaile ugari, lehia estuak, maila ona, giro ederra, egitura bikainak, kolore guztietako proposamenak, ikusle andana...

Lehia ederrak

Aipatu dugun bezala, sailkapenak goizez jokatu ziren. Denborak ezarritako mugak direla- eta, arratsaldeko bostak baino lehen eman zitzaien hasiera finalei. Blokeak proposatzeko lana Ion Gurutz Lazkoz eta David Gambusi egokitu zitzaien, eta, esan behar dugu, oso korapilo interesagarriak sortu zituztela.

Lehiatzen lehenak 16 eta 18 urtez azpikoak izan ziren. Denak batera, hamar bloketan gogor estutzen; maila bakoitzeko bost bloke. Aurretik 45 minutu zituzten. Esan dugunez, denak nahasturik, ia-ia korrika bloke baten bila, saiatzen, batzuk top egiten, beste batzuk beste saio bat ematen... Oso koloretsua izan zen, eta, beste behin, antzeman genuen gazte hauek duten sasoi puntua oso ederra dela.

16 urtez azpikoan, nesketan, berdintasuna nagusi izan zen. Zortzi lehiakidetatik Andrea de Goñik irabazi zuen. Baina ez zuen batere lan erraza izan; izan ere, lehenbiziko hiru sailkatuek bloke guztiak egin zituzten. Bost bloke aurretik eta bostetan top egin zuten. Marta Camarak saio gehiago behar izan zuen eta bigarren postuan geratu zen, eta Muriel Ruz de Larramendi, hirugarrenean. Mutiletan ez zen ezustekorik izan. Mikel Linazisorok bost blokeak sinatu zituen eta garaipena lortu zuen. Martin Urrutia bigarren postuan sailkatu zen hiru blokerekin eta Bittor Esparta, hirugarren, hau ere hiru blokerekin. Aipatu behar dugu, halaber, asteburu batean Goñik eta Linazisorok bi txapelketa eskuratu dituztela; hots, zailtasunekoa eta blokekoa.

18 urtez azpikoetan, bestalde, nesketan bi ordezkari lehiatu ziren. Jone Ugartemendiak bost blokeak poltsikoratu eta txapela jantzi zuen. Irati Musitu, bi blokerekin, bigarrena izan zen. Mutiletan, Mikel Inoriza onena izan zen. Mikel Garciarekin batera launa korapilo sinatu zituen, baina ekinaldi gutxiago egin behar izan zituen. Hirugarren postuan, bi topekin, Oier Coria geratu zen. Ugartemendiak ere bi txapelketak irabazi ditu.

Bi maila hauetako lehiak jokatu ondoren, atseden txiki bat izan zen. Ekipatzaileek blokeak moldatu behar zituzten (zailagoak jarri) 20 urtez azpikoen txanda zelako. Lehiakideei 30 minutuko lana jarri zieten. Inolako zalantzarik gabe, Itziar Zabala oso sasoiko iritsi zen Aretxabaletako hitzordura. Lau bloke egin zituen eta txapela etxera eraman zuen. Haren atzetik soilik bloke banarekin Miriam Mulas eta Ilargi Perez sailkatu ziren. Mutilek, berriz, izerdi franko bota behar izan zuten. Ekipatzaileek zail, oso zail, jarri zieten. Adibide adierazgarri bat: bost korapilo askatu behar zituzten, eta lehen hiru sailkatuek berdindu zuten bloke banarekin. Haatik, saio gutxien behar izan zuena Ibai Isusi izan zen. Mikel Madinabeitiak bigarren postua lortu zuen eta Beñat Muruak, hirugarrena. Zabala eta Isusi pozarren ziren Euskadiko bi txapelketak poltsikoratu dituztelako.

Beste atseden bat. Egituretan berriro ere moldaketa batzuk. Eta azken txandan: seniorrak. Gainerako mailetan ez bezala, nagusiak banan-banan atera ziren, eta bloke bakoitzeko bost minutuko denbora izan zuten. Nesketan lau ordezkari lehiatu ziren. Pasa den asteko kronikan aipatu genizuen Zuriñe Arruek eta Irati Andak superfinala jokatu eta Arruek irabazi zuela. Blokeko hitzordu nagusi honetan, berriz, Anda nagusitu zen. Biek ala biek hiruna top egin zituzten, baina gasteiztarrak saio gutxiagotan lortu zituen. Bi blokerekin hirugarren postuan Ane Mujika sailkatu zen, eta laugarren postua Leire Tapiarentzat izan zen.

Sei finalista izan zituen mutilen kategoriak. Ikusmin handia zegoen, eta lehiakideek emaniko ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Neskek bezala, mutilek ere ondo baino hobeto estutu behar izan zuten aurrean proposatutako bost blokeen aurrean. Goizeko sailkapenetan, Markel Mendietak erakutsi zuen oso saio onean zegoela, ia top guztiak erdietsi baitzituen. Finalera gogotsu iritsi zen, oso motibatuta; izan ere, Euskadiko Bloke Txapelketarik ez zuen. Bai, nahiz eta arrokan espezialista handia izan, lehiaketetan ezin izan du bere «boterea» guztiz azaldu. Baina, oraingoan bai, zortzigarren ekitaldi horretan arantza kendu eta lehen aldiz txapela eskuratu du. Arrasatearra etxetik gertu lehiatu zenez, harmailetatik animo ugari jaso zuen, eta laguntza horrekin Mendieta gai izan zen bost blokeetatik lau egiteko.

Txapeldunaren atzetik Gorka Karapeto geratu zen. Beterano honek zailtasuneko lehiak utzita ditu, baina aurtengo bloke txapelketan parte hartu nahi zuen bere palmareserako txapel ezberdin bat lortu ahal izateko. Alabaina, aipatu dugunez, Mendieta oso fin ibili zen, eta azpeitiarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Karapetok bezala, Iban Larrionek bi bloke egin zituen, baina saio gehiagotan. Laugarren postuan iazko txapelduna, Antton Zabala, geratu zen. Bosgarren eta seigarren Iñaki Arantzamendi eta Mikel Velasko izan ziren, hurrenez hurren.