GARA

AEBen hegaldiari gogorrago erantzun ez izana aurpegiratu diote Txinari

Txinako Gobernuak AEBen bonbaketariek egin zuten hegaldiari behar bezain gogor erantzun ez izana gaitzetsi zuten zenbait internautak. «Estatubatuarrak gu neurtzera etortzen direnean, ez dugu ausardiarik hemen nork agintzen duen argi uzteko», idatzi zuen batek.

Pekinek Ekialdeko Txinako Itsasoan ezarri berri duen aire defentsarako eremuak eragin duen krisi diplomatikoaren baitan, Gobernuari bere neurriaren kontra Japoniak, Australiak edota Ameriketako Estatu Batuek egin dituzten adierazpenen aurrean jarrera «epela» azaldu duela aurpegiratu zioten zenbait internauta txinatarrek. Ameriketako Estatu Batuen B-52-en bonbaketarien hegaldia baimendu izanaren kontra bereziki gogor jo zuten. «Estatubatuarrak gu neurtzera etortzen direnean, ez dugu ausardiarik hemen nork agintzen duen esateko», idatzi zuen batek Interneten. «Ez ziren ausartu bonba-jaurtitzaile horiek botatzen eta horrek argi uzten du ez duela inolako zentzurik aire defentsarako eremu bat ezartzeak, hori urratzen dutenean deus ere egiten ez baduzu», zioen beste batek.

Orain arte, Txinak ez du zehaztu eremu hori errespetatua izan dadin zer nolako neurriak hartuko dituen. Adituen iritziz, helburu nagusia Japoniaren kontrolpean dagoen Senkaku uhartediaren subiranotasuna aldarrikatzea da, baina indarrik erabili gabe. 2012an, jabe pribatuen esku zegoen artxipelagoa osatzen duten hiru uharteak erosi zituen Japoniak. Horietan inor bizi ez den arren, uharteen azpian energia eta itsas baliabideak daudela uste da. Geroztik, bi herrialdeen arteko harremanak okerrera egin du.

Asteazkenean, bere segurtasuna defendatuko duela adierazi zuen Txinak. Aipaturiko bonbaketarien hegaldia gertutik jarraitu zutela nabarmendu zuten. «Indar Armatuek hegaldi osoaren prozesua zelatatu zuten. Hegazkinak guztiz identifikatu zituzten. Txinak bere aire eremua modu egokian kontrolatzeko gaitasuna du», baieztatu zuen Defentsa ministroak.