Andoni ARABAOLAZA
Eskalada Bigarren igoera

Ia era askean Twin Towerreko ipar zutoin zailean

Pasa den irailean, hiru eguneko eskaladan, Josh Wharton eta Jon Walshek osatutako sokadak bidearen bigarren igoera sinatu zuen. Lau metro izan ezik, marrak dituen 1.500 metroak era askean igo zituzten.

Pasa den irailean, Josh Wharton eta Jon Walshek osatutako sokada indartsuak ezohiko igoera egin zuen Twin Towerreko ipar zutoinean, Kanadako Mendi Harritsuetan. Zergatik diogun hori? Bada, marra gogor horrek soilik igoera bat zuelako. Barry Blanchard eta David Cheesmond eskalatzaileek 1985. urtean igo zuten lehen aldiz zutoin hori. 1.500 metro luze da, eta 5.10d eta A2 zailtasunak gainditu zituzten. Horrela bada, 28 urte ondoren lehen errepikapena iritsi da. Bigarren igoerak, gainera, azpimarratzeko beste eite bat du: soilik lau metrogatik (A1), Wharton eta Walshek ez zuten marra osoa era askean igo. Tarte txiki hori kenduta, eskalada librean zailtasun gorena 5.11b gradukoa izan zen.

Bi protagonistok pasa den irailean sinatu zuten goi mailako jarduera hori. Aipatu dugunez, soilik bi sokadak lortu dute ipar zutoin hori eskalatzea. Pareta oso erakargarria bada ere, Walshek adierazi du oso arreta gutxi pizten duela: «Eskalatzaile bakan batzuek baino ez zidaten esaten marra hori eskalatu nahi zutenik. Nik, bederen, oso zail izan dut sokakide bat lortzeko. Jakin banekien oso baldintza onak zeudela, eta hormatzar hori eskalatu nahi nuen».

Hiru egun

Josh Wharton eta Jon Walshek osatutako sokadak hiru eguneko lana behar izan zuen bidearen bigarren igoera egiteko. Zailtasunari dagokionez, beheko zatia ez zen gogorra, baina arrokaren kalitatea txarra zen oso: «Aterpea goizeko bostak aldera utzi eta paretaren sarrerara bost ordu eta erdi geroago iritsi ginen. Gaueko bederatziak arte eskalatu genuen. Ez zen zaila, baina harkaitza oso puskatuta zegoen. Biharamunean, headwall-ean, hamabi luze eskalatu genituen. Era askean eskalatzeko luze gogorrenak ziren, baina, zorionez, harkaitzaren kalitatea askoz hobea zen. Soilik lau metro egin genituen era artifizialean. Era askean 5.12 gradua izan daiteke, baina eroriko gaiztoa zuen, eta egoera horrek eskalada arriskuan jar zezakeen. Bigarren bibaka goialdean antolatu genuen, ertzetik oso gertu».

Hirugarren eta azken eskalada egunean beste luze bat egin, eta, ondoren, ertz bati jarraituz, gailurra zapaldu zuten. Jaisten ari zirela, gauak harrapatu eta azken bibaka egin zuten. Era horretara lortu zuten ipar zutoinaren bigarren igoera. Walshek adierazi du baldintzekin zortea izan zutela: «Ia pareta osoa lehor zegoen. Esperientzia aberatsa izan da. Une batzuetan ondo pasa genuen, baina, hala ere, eskalada hau ez nioke edonori aholkatuko. Uste dut bide hori eskalatzeko oso mentalizatuta behar duzula egon; abentura fisiko gogorra izateaz gain, buruak asko exijitzen dizu. Adi egon behar duzu arrokaren kalitatearekin».