AIERT GOENAGA
ZURI-GORRIEN ORROAK

Kolapso mentala

Aste batzuk neramatzan Athleticen inguruan zerbait idazten hasi orduko nagitasun atake antzeko batzuk pairatzen. Ez dakit atakeok aurrez idatzitako guztia azaroko haizeek eraman izanaren sentsazioagatik den edo lehen taldea Ligako lehen heren honetan jokatzen ikusteak sortua den; kasuan paretsu. Eta gaur ez naiz idazten hasi Bartzelonaren kontra igandean jokatutako partidu borobilak motibatuta, ze partidu horrek poztu beste amorratu ninduen. Bartzelonaren kontra erakutsitako kontzentrazio, gogo, amorru, joko... zergatik ez dituzte ipintzen Almeria, Granada zein gainontzeko taldeen kontra? Gainera, Muniainek partida bukaeran esandakoek ez dute laguntzen «Aste osoan gogor landu dugu Bartzelonari nola jokatu». Eta aurreko asteetan eskuetako hotza barrabiletako beroaz goxatzen egon zaretela suposatu behar da? Ze sailkapenaren aurrean egon arren, taldearen urteko irregulartasuna eta hainbat momentutan erakutsitako noraeza ikaragarriak dira. Baina ez nator honetaz hitz egitera.

Donostiako Zazpi Kale tabernaren inaugurazioa eta bere kartelaren inguruan gertatutakoek piztu didate berriz teklak astintzeko gogoa. Ume bat bizkarrez dagoen lekuan, nahi dutena ikusi dute batzuek eta guztiz lekuz kanpo zeuden jokabideak erakutsi. Isekak eta jarrera oldarkorrak salatu zituen tabernako jabeak. Abuztuan, sail honetarako nire lehen artikuluan argi esan nuen Athletic eta Osasunaren arteko partiduaren arestian Anoeta kanpoaldean eta partidan zehar Anoetan gertaturikoak (Alberto Ormaetxearen omenezko estatuari txiza egin eta Anoetako aulkiak apurtu) lotsagarriak izan zirela eta, noski, guztiz salagarriak. Eta beste horrenbeste esan daiteke Zazpi Kale tabernaren inaugurazio kartelaren inguruan gertaturikoez. Baina zer gabiltza, fanatismoen jokoan sartzen? Azken hogei urteetan alde bietako jarraitzaile batzuk beste aldekoenganako erakusten duten errespetu falta eta amorrua lekuz kanpo gaude. Politikariek futbolean aurkitu dute masen tentsioa bideratzeko soluzioa. Prentsaren kontu bozgorailuak eta bonbardaketa masiboa, baina tamalez zaleak dira zirkulua zarratzen dutenak. Beste era batera esanda; agintarien kontu produktuaren erosketa, medioei patatekin kozinatu eta zerbitzatzea tokatzen zaie eta, bukatzeko, publikoak jan. Eta, noski, zenbat eta koipe txarreko patata gehiago jan, hau odolera errazago pasatzen da. Eta txarturiko odola burutik pasatzean, zapla, kolapso mentala. Norbait aurreko gertakariak protagonizatzera eramaten duen kolapso mentala. Taldeak galtzeagatik tripa hutsik lotara joateko moduko kolapso mentala. Bikoteari musu bat emateko gogoak kentzerainoko kolapso mentala. Futbolari bat, diru truke alboko taldera joan eta taldeari zein jokalariari txarrena opatzea adinako kolapso mentala. Benetan, futbola patatekin ez da dieta sanoa.

Futbolaz gozatu egin behar da. Pike sanoez gozatu, norbere taldea ondo doanean albokoa zirikatuz. Alde Zaharrean derbi aurreko momentuak Euskal Hintxa bezala bizi. Lagun artean ordu eta erdi on bat pasa. Manchester ezagutu, taldea bertan irabazten ikusi eta `Ni bertan egon nintzen' (bai, bai, egon nintzen!) esateko. Muniainek Rafaeli 30 metrotan 20 ateratzen ikusi eta Old Trafford-en hirugarren gola ospatzeak sortutako «subidoia» bizitzeko (eta bai, ikaragarria izan zen!). Eta gaizki doanean paso, futbolariek egiten duten modura. Ez da komeni pasioa fanatismo induzituarekin nahastea.

Imajinatzen, futbolak mugitzen duen jendetza eta pasioa beste hainbat mugimendutan? Imajinatzen, izan ez den penalti bategatik protestatzeko ipintzen den pasio bera ipintzea gure hizkuntza eskubideak urratuak ikusten ditugun bakoitzean? Badago zer salatu: zergen igoera, Euskal Herrian zortzi lagunetik bat pobrezian edo gizarte bazterketan erortzeko arriskuan dagoela, premia sozialei aurre egiteko partiden murrizketak, Cabacasen auzia, AHTa, Hezkuntza lege berria, genero indarkeria, bankuen iruzurra, zoru etikoa, politikarien ustelkeria...

Ez dut jarraituko, ezta?