A. ARRUTI DURANGO
DURANGOKO AZOKA

«Euskal Herriko surf gida», ezagutza zabalduz arriskuak gutxitu eta surfaz gehiago gozatzeko

Olatuak non, nola eta zergatik lehertzen diren edo Baiona aldetik Muskiz ingururaino zein olatu topa ditzakegun -90 olatu ezagun nahiz ia sekretuzkoak-, surfaren eta olatuen gaineko xehetasun guztiak «Euskal Herriko surf gida» liburuan bildu dituzte Haritz Larrañaga Altuna eta Mikel Troitiño Berastegi zarauztarrek. Durangoko Azokako GARAren standean dago salgai.

Hiru atal nagusitan banatu dute gida. Lehenengoan -eta bi autoreen iritziz gero gozatu ahal izateko oso garrantzizkoa-, olatuak izan ditzakeen zantzu ezberdinak azaltzen dituzte orokorrean nahiz Euskal Herrian; nola begiratu behar den, eguraldia, urautsiak, itsasaldiak... Bigarrenean, olatuak zerrendatu dituzte, olatuaren izendapenean tentu handiz ibiliz, bertakoen erabilera errespetatuz, euskarazko izena lehenetsiz. Eta azken atalean, hiztegia osatu dute. Atzo esan zutenez, gidaren helburua ez da masifikazioa, baizik eta ezagutza zabalduz, jendea ere olatu ezberdinetara zabaltzea.