Andoni ARABAOLAZA
mendiko kultura | Seigarren ekitaldia

Mendi Film, hamar egun mendiko zinemaren zurrunbiloan

Seigarren ekitaldia heldu den ostiralean hasiko da. Bigarren urtez jarraian Bilbon egingo da, eta, mendiko zinemaz gain, egitarau zabala eskainiko dute. Guztira, 27 herrialdetako 40 lan lehiatuko dira; horietako15 filmek euskarazko azpitituluak dituzte.

Mendi Film jaialdiak dena prest du. Lau egun soilik falta dira Bizkaiko hiriburuan egingo den mendiko eta abenturazko kirolen zinemaldiak lehen urratsa egiteko. Bai, bigarren urtez jarraian Bilbo izango da erakusleihoa. Seigarren ekitaldia du Mendi Film zinemaldiak, eta, aitortu behar zaio, orain arteko lanak ondo baino hobeto bete dituela.

Krisi ekonomikoak bere eragina izan du aurtengo ekitaldian. Hori antolatzaileek diote, baina kanpotik ikusita, ez dirudi hala denik. Bederen, datu objektiboek besterik diote: 27 herrialdetako 40 film lehiatuko dira. Kopurua ez da txantxetakoa. Iazkoarekin alderatzen badugu (12 herrialdetatik jaso zituzten proposamenak), lasai asko esan dezakegu Mendi Film mundu osora hedatu dela.

Bestalde, egitarauari arreta jartzen badiogu, ohartuko gara zabala eta oparoa dela. Antolatzaileek lan eskerga egin dute Mendi Filmeko protagonista nagusiak, hots, lehiatzen diren filmak, «biluzik» ez uzteko, eta horregatik «jantzi» dotorearekin babestu dituzte. Bai, filmak ikustez gain, honako menua dago: hitzaldiak, argazki erakusketa, ikastaroak, kaleko ekimenak...

Baina aipatu dugun legez, lehiatuko diren filmak dira Mendi Filmeko izarrak. Guztira, 120 lan jaso zituzten, eta 40 dira datozen hamar egunotan ikusgai izango ditugunak. Lehia horretan kolore guztietako proposamenak daudenez, sariak ere ugariak dira. Eta zergatik diogun hori? Bada, multzo horretan mendiko eta abenturazko kirolei buruzko film dokumental asko daudelako: eskalada, alpinismoa, goi-mendia, surfa, eskia, snowboarda, base jauzia, mendiko lasterketak, espeleologia....

Nazioarteko mendiko zinemaldi entzutetsuenen artean, Mendi Film urteko azkena da. Eta, jakina, eite hori nolabait alde du. Nahiz eta ekoizpen lan handia egin duten, Bilbotik pasako diren film asko eta asko beste zinemaldi batzuetan izan dira. Horietako batzuek, gainera, sona handia dutenetan saria jaso dute. Besteak beste, Trentokoan (Italia) «Expedition to the end of world» filmak.

Honen guztiaren inguruan, Mendi Filmeko zuzendari Jabi Baraiazarrak adierazi du oso pozik daudela jasotako zinten kalitatearekin: «Inolako zalantzarik gabe, orain arte egin ditugun ekitaldi guztietatik aurten aurkeztuko ditugun filmek kalitate oso handia dute. Aurreratu behar dut horietako proposamen batzuk hainbat sari besapean dakartzatela. Esan dezaket ere, iaz «Pura vida»-rekin gertatu zen bezala, aurten ere zintaren batek edo bestek ezusteko ederra emango duela. Pelikulen kalitateari zein egitarau oparoari dagokionez, prest dugun jaialdia inoizko onena izango da».

Kalitatea, errealizadore entzutetsuak... badirudi, betiere antolatzaileek diotenez, VI. Mendi Film Jaialdiak arrakasta handia izan dezakeela. Bertako ordezkariei dagokienez, esan behar dugu lan bat soilik izango dela lehian. Adolfo Madinabeitiak aurkeztuko duen «Madinawey» izango da.

Horretaz gain, eta hau bada txalotzeko modukoa, ostiralean hasiko den mendiko zinemaldian lehian izango diren hamabost filmek euskarazko azpitituluak izango dituzte. Beraz, ikusiko diren lanen %40 inguru euskaraz jarraitzeko aukera izango da.

Arestian aipatu dugu, zinten aniztasuna ikusita, makina bat sari banatuko direla; 11 guztira. Sari horiek «Eguzkilore» dute izena. Eta film onenak saritu behar dituztenak honakoak dira: Bernadette McDonald (Kanada), Aritz Galarza (Euskal Herria), Evrard Wendenbaum (Frantzia), Marco Preti (Italia) eta Martin Kanuch (Eslovakia).

Gai honekin amaitzeko, soilik aipatu behar dugu film hauek guztiak ikusteko lau egoitza prest dituztela: Euskalduna jauregia, BBK aretoa, Alondegiko auditoriuma eta Rekalde aretoa.

Eta gehiago

Aipatu dugu Mendi Film zinemaldian lehiatuko diren filmek benetako protagonismoa dutela, baina, mendia ardatz duten nazioarteko beste zinemaldietan gertatzen den legez, jarduera paraleloek ere berezko tokia dute.

Antolatzaileek prestatu duten egitarau oparo horretan denetarik dago. Eta azpimarratu behar dugu mendiko kultura kalera eramateko lan eskerga egin dutela. Adibidez, Bilboko Metroko hainbat geltokitan Jimmy Chinen argazki erakusketa ikusgai dago.

Gazteenek ere aukera izango dute aurtengo edizioan parte hartzeko; izan ere, «Mendiagaz» zinta ikusteko aukera izateaz gain, argazkigintza-ikastaroan izena eman dezakete.

Azpimarratzeko modukoa da ere Poloniako «himalayismoari» buruz izango den mahai-ingurua. Besteak beste, neguko himalayismoaren eliteko hiru ordezkarik hartuko dute parte: Krysztof Wieleckik, Adam Bieleckik eta Denis Urubkok.

Hau guztia aurrerapen bat besterik ez da. Informazio gehigarri gehiago honako webgunea duzue: www.mendifilmfestival.com.

Seigarren ekitaldia du Mendi Filmek, baina lasai asko esan dezakegu mendiko zinemaldi honek ez duela ia urte osoan etenik. Baraiazarrak berak ere eite hori azpimarratu nahi izan du: «Iazko edizioa bukatu bezain laster, Mendi Film Tourrak lekukoa hartu zuen. Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan film sorta ederra ikusteko parada izan da. Helburu nagusia horixe da, mendiko kulturarekin urte osoan hartu-emanetan egotea».