Jon LEUNDA

Biarritzek bolada onari eutsi nahi dio

Biarritzek Worcester hartuko du gaur 20.45ean, eta garaipena lortuz gero, lapurtarrek final-laurdenak jokatzeko aukerei eutsi egingo diete. Alta, gaur irabazteak horretarako baino gehiagorako balioko du. Izan ere, bigarren garaipena jarraian izango lukete, eta ligako partidak ere kontuan hartuta, azken bost partidetatik laugarrena izango litzateke irabazten duena, eta etorkizunari aurpegi hobearekin begiratzeko ere balioko luke, hortaz.

Bi talde hauek joan den ostegunean neurtu ziren Worcesterren zelaian, eta orduan zuri-gorriek irabazi egin zuten; beraz, gaur etxean jokatuta, garaipena lortzeko aukera asko izango dituztela esan daiteke.

Sailkapenari begiratuta, Biarritz bigarren postuan dago, jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat galduta. Guztira 9 puntu ditu, eta lehen postuan dagoen Sharks baino puntu bat gutxiagorekin. Worcester, aldiz, azkeneko postuan dago, jokatu dituen hiru partidetatik bat irabazi eta bi galduta. Asko ez badira ere, oraindik hauek ere badituzte sailkatzeko aukerak, baina itxaropenei eusteko gaur ere irabazi beharra daukate, bestela aukera guztiak galduko dituzte.

«Une honetan guretzat garaipenek sekulako balioa dute. Kanpoan jokatu ditugun azken bi partidak irabazi ditugu, eta horrek indar handia eman digu. Guretzat garrantzi handia dauka Worcesterri berriro irabazteak, baina oso talde ona da, eta ez da erraza izango», esan zuen Gomez Kodelak, Biarritzeko argentinarrak.

Biarritzen hamabostekoa, berriz, honako hau izango da: Synaeghel, Whittaker, Gomez Kodela, Lockley, Furno, Guyot, Molcard, Harinordoki, Lesgourgues, Peyrelongue, Brew, Waenga, Baby, Thomas eta Caouet Lannes. Hala, Dabti, Barcella, Broster, Lund, Fono, Yachvili, Traille eta Gimenez aulkian geratuko dira.