Amagoia MUJIKA BARAKALDO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO FINALA

Bazetorrela ikusten zen eta iritsi da eguna: Amets Arzallus txapeldun

«Zerutik begira daude Joxe eta Manuel Mari/ ziega zulotik entzuten beste euskaldun ugari/ muxu bat Iparraldeko bertso eskolako haurrari/ lagundu nauten guziak, Olatz eta arreba bi/ baina ni ez bainaiz hemen neu sortu hutsean ari/ aitarena den txapel hau eskaintzen diot amari/ haurra nintzela euskaraz erakutsi zidanari». Halaxe kantatu zuen azken agurra Amets Arzallusek Joanito Dorronsorok jantzi zion txapela buruan zuela. Dorronsorok ez zuen hitz egin, hitzaren maisua zuen ondoan, beti zer esan eta nola esan asmatzen duena. Ikusten zen bazetorrela eta bazetorrela, eta iritsi da hendaiarrak Euskal Herriko txapela jantzi duen eguna. Zorionak zortzikoteari.

Amets Arzallus Antia, Euskal Herriko txapeldun. Jakina zen berandu baino lehen idatziko genuela titular hori. Saioa hasi baino lehen kinielatan zegoen, baina kinielatan egotea ez da nahikoa meritu txapela janzteko. Eguerdian, punta-puntan segitzen zuen pronostikoetan. Eta buruz burukora pasatuko zen bikotearen izena eman behar zutenean ia segurua zen lehen izena berea izango zela, ordena alfabetikoak agintzen duelako eta ordurako Amets Arzallusek gailur asko marraztuak zituelako. Buruz burukoa baino lehen jositako zortzi ariketetatik bostetan berak lortu zuen puntu gehien, eta gailendu ez zen beste hiru ariketak ere finetik eta zorrotz josi zituen, puntutan oparo. Oso segurutik, oso Amets, oso txapeldun.

Duela lau urteko buruz burukoa errepikatu zen atzo. Tira, buruz burukora pasatu ziren bertsolarien izenak berdinak izan ziren, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio, baina bertso bakoitza desberdina, eta baita bertsolari bakoitzaren taupada ere. Ordurako, Ametsek 32 puntuko aldea atera zion Maialeni. Eta buruz burukoan beste 19 puntuko koska lortu zuen. Beti esaten da, baina hain da zaila bertsoa neurtzea. Ze Maialenek atzo utzitako ale batzuek azalean eta urdailean egin zizkiguten harramazkek zenbat puntu balio dituzte?

Buruz burukoa egun osokoari jarritako begizta gorria izan zen, Ametsek eta Maialenek egindako oparia, propina. Seiko motzean bi pailazoren azalean aritu ziren, arratsaldea gaixo dauden haurrekin pasatu ondoren ospitaleko atetik ateratzen.

«Gaitz latzenen atzaparra/ bizitza zaildu samarra/ baina kanpora ateratzean hau barne indarra/ nahiz eta egin nigarra/ errekan behera ibarra/ bihotzeraino ailegatu zait euren irribarra», hasi zen Amets. Eta Maialenek, erantzun, «Bizitzaren mendekua/ jolasteko debekua/ zu indartuta ni berriz nago gogogabetua/ zenbat kasu aletua/ barrua daukat lehertua/ eskerrak sudur gorria nuen ezkutalekua».

Erabat emozioetatik josi zuten buruz buruko lehen ariketa hori, puntada bat batek eta bestea besteak, askotan plazan elkarrekin aritu diren bi bertsokideren pare.

Zortziko txikia ere ondo goitik joan zen. Gaia, polita: «Maialen Lujanbioren eta Amets Arzallusen bikotekideak zarete. Apustu makinaren aurrean zaudete 2013ko bertsolari txapela nork irabaziko duen apustu egiten». Maialen hasi zen: «Haseran duda egin det zeini jarri marka/ baina zenbat medio, entrebista lata/ beraz Ametsen alde doa nere tanta/ irabaz dezala ta pakea galanta».

«Baina Ametsek ez du balio gehiago/ ehun bat euro sakelan beraz txanpon franko/ nik dena Maialenen alde dut emango/ Ametsek fallatzea neure esku dago».

Maialenek erantzun zuen bezala, «baina Ametsek ez du hainbeste eskasi/ gaizki egin nahi eta baietz ondo hasi/ promesa da oraindik beti kasi-kasi/ gutxi gastatu eta asko irabazi». Ba horixe, Ametsek ez dakiela gaizki egiten, eta horren ondorio da atzo jantzi zuen txapela.

Kartzelako lanean bederatziko txikian bertsoa josteko hitza «altzoa» zuten. Hauxe, Ametsena: «Haur nintzela banuen aurpegi itzala/ kopetan ximurtua banun azala/ jakin nere sendagai beti ama zala/ haren usai goxoa ta haren kresala/ amaren ahala/ da unibertsala/ goxoa apala ta zabal-zabala/ eztut inoiz ahaztuko zure magala».

Buruz burukoan kartzelakoa errematatzeko gaia hauxe izan zuten: «Itzultzeko garaia da». Ametsek Joseba Sarrionandia ekarri zuen bere bertsora. «Gaztea nintzen garaian kalean beti mobida/ ta poliziak eraman ninduen presondegira/ ta gero handik ihesi berriro ere argira/ nere bizitza guztian, izkriba eta izkriba/ liburuak untziak lez joan litezke urrutira/ lehen liburuen baitan itzultzen nintzen herrira/ orain nere liburuak nerekin joanen dira». Hauxe, lehena. Eta, bigarrena, «hegazkin baten barruan itzuli naiz herriraino/ lehen poemetako hitzak ziren hilkutxa ta laino/ orain hoiek utzi ditut ta sentitu naiz hain ñaño/ plazan hor daude hiru zahar ta beste bi andereino/ dezente zahartu da baina ama bizirik daukat ño/ zuzen-zuzen itzuli naiz bere besoetaraino/ poema ederragorik ez dut idatzi hau baino».

Maialenen ertzak

Maialen eta Amets, duela lau urte. Eta Amets eta Maialen, aurten. «Eskuz esku» izeneko oroigarria bigarrenarentzat izaten da. Txapelketa hasi zenean Ametsek ekarri zuen, eta atzo Maialenek eraman zuen bueltan.

Atzo zaila zen BECen isiltasuna marraztea. 13.500 lagun dauden lekuan errazago gailentzen da iskanbila isiltasuna baino. Maialenek goizean josi zuen kartzelakoa, arratsaldeko bakarkakoa eta buruz buruko kartzelakoa eguneko unerik isilenetakoak eta intentsuenetakoak izan ziren. Maialenek kantatzen duenean, lortzen du entzuten ari dena bere begietan jartzea. Maialen pausatzen zaigu azalean eta zainetan sartzen zaigu.

Hauxe, «altzoa» hitzari kantatu ziona: «Helduok bihotzean zenbat harramazka/ bizitzaren bizitzez indarrak gasta/ nekeak eta minak askotan arrasta/ uzten gaituzte eta hori nola aska/ bihotzeko zazta/ bizkarreko lazta/ banoa arnaska/ hartzen nau xarmaz ta/ altzoa da helduok dugun sehaska».

Eta bakarkakoa, zoragarria. «Beti berdin amaitzen ote da etorkinen pelikula/ bukaeran bat idatzi al da geronek ez dakigula/ Ekuadorren saldu ziguten arrakastaren formula/ eta orduan Espainiarantz jarri genuen brujula/ zenbat ate jo ote ditudan zenbat ofizina zula/ zenbat etxe garbitu ta zenbat zahar zaindu dudan kalkula/ han mixeritik ihesi eta hemen krisia mardula/ balirudike guk pobrezia gurekin dakarkigula», bota zuen lehena.

Eta, bigarrena, «etxerik etxe garbitzaile lez nun bizi berria hasi/ hemengo jardun modua egin eta ohiturak ikasi/ dena beltzean paperik gabe dena murritz ta eskasi/ asko dutenen etxetan ere ezin asko irabazi/ nere buruai esaten nion horrela noiz arte haiz hi/ Euskal Herrira ere heldua nahiko mixeri ta krisi/ eta hemen juxtu egoteko nahiago han juxtu bizi/ billeterako adina diru bildu behar det lehenbizi».

Duela lau urte, txapela jantzi zuenean, esan genuen txapelak ez ziela itzal egiten mundua hain kantoi berezitik begiratzen duten begi pare horri. Txapelik gabe ere berdin berezi segituko du Maialenek inguratzen duenari punta ateratzen. Garbi genuen lehenago, garbi dugu atzokoa eta gero.

Zenbatetan zutitu zen BEC?

Askotan zutitu zen BEC. Askotan zutitu ziren 13.500 lagun, behin eta berriz, arrazoi desberdinak tarteko. Gehienetan, bertso on bati errepika egiteko. Eta asko izan ziren atzo. Beste batzuetan finalak izaten dituen itxaronaldiak festaren parte bihurtzeko. Eta bukaeran zortzi bertsolariak banan-banan aupatu eta denak, hasi eta buka, txapeldun handiak direla ozen esateko.

Atzoko saioa biribila izan zen. Ertzez betetako biribiltasuna izan zen atzokoa. Ertzak asko izan baitzituen, zortzi bertsolari desberdinek, zortzi sinadura propiok egun osoan barna gai bakoitzari ateratako punta adina ertz. Olatuak ere itsaso berdinak desberdin ekartzen ditu ur bazterreraino, eta BECen 13.500 bertsozalek marraztu zituztenak desberdin joan ziren aldiro. Adin oso desberdineko jendea, toki askotatik etorritakoa, hantxe olatu berdinaren parte.

Puntutan hirugarrena Igor Elortza izan zen. 1.164 puntu pilatu zituen eta Maialen Lujanbiok 1.171 puntu zituen buruz burukoaren aurretik. Hartara, zazpi puntura izan zuen Elortzak buruz burukorako txartela. Finala bitartean egin duen bidea bezain ederra izan zen atzo finalean osatu zuen eguna. Bertsozalearekin asko eta askotan konektatu zuen durangarrak. «Mosu handi bat zuri Maialen ta zorionak Ametsi/ Erika, Abarkas, Manu, Esturo, Beñat nahi ditut goretsi/ nahiz noizbait beharko diren puntu eta konpetentzi/ gaur oso harro nago ta oso pozik egongo naiz etzi/ bertsotan hasi nintzelako ta ez dudalako inoiz etsi».

Laugarrena, 1.155 punturekin, Aitor Mendiluze. Nabarmentzekoa da Mendiluzek batez ere arratsaldean egin zuen lan bikaina. Zortziko txikian puntuka Igor Elortzak eta biak eguneko une ederrenetakoa josi zuten. Bertso honekin agurtu zen andoaindarra: «Aupa zu Amets txapela joan da eutsiko dion kaskora/ ta zuek denoi joan geralako liteketik baiezkora/ zazpi lagunei eramatearren bertsoaren arrastora/ erakusteko zein den aldea ale finetik lastora/ zuei esker joan naiz gora/ Murgia eta Mauleko zorrak kitatu eta gustora/ zuentzat ez da aski baina neretzat asko da».

Aitor Sarriegi, hunkituta

Aitor Sarriegi izan zen bosgarrena, 1.106 punturekin. Oso hunkituta amaitu zuen saioa. Azken agurrean aitona-amonekin akordatu zen «etzutelako sekula entzun biloba bertsotan» eta lanak izan zituen negarrari eusten. Pozik egoteko moduko finala josi zuen beasaindarrak, eta, bere bigarrena izanagatik, lehenengoaren ilusioz gozatu zuela igarri zitzaion.

Unai Iturriagak eta Beñat Gaztelumendik 1.099 puntu lortu zituen bakoitzak. Iturriaga izan zen seigarrena eta Gaztelumendi, zazpigarrena.

Unai Iturriagak bere azken finala izan zela aipatu zuen saioan behin baino gehiagotan. Bere-bereak dituen trazak eman zizkion saioari eta bertsozaleak, berriz, garbi adierazi zion zenbat maite duen; «... Nerekin daroat txalo ta Tolosako potoa/ baina historikoa da gaurkoa ta atzokoa/ zientoka bolondres hortxe ta interesik bakoa/ zuen indarrak pizten du gure gaineko fokoa», kantatu zuen agurrean.

Beñat Gaztelumendik, finaleko gazteenak eta berriak, eman zion beretik saiori, estuago edo solteago, ondo garbi utzi zuen nola iritsi den BECeraino. Bere agurra, hunkigarria; «Oraindik laino tartean bezela nago ai ama/ Xamoa nola eskertu aurten egin dezun lana/ baina nik badet anai bat Unai izena daukana/ publikoan azkazalak irensten ariko dana/ bizitzan eta bertsotan beti nerekin joana/ hamahiru hilabete neuzkan ta etorri zinen nigana/ ta geroztik zenbat une, zenbat bertso erdibana/ lujo handi bat bide hau zurekin egin izana».

Eta zortzigarrena, baina ez azkena, Sustrai Colina, bere adiskide minaren txapela oso-oso pozik hartu zuena, eta halaxe adierazi zion gainera. Seaskari eskaini zion Colinak bere azken agurra. Denoi, «zortzi+13.500» horiei, eskerrik asko.