J.L.
Lehen maila | Bizkaiko finala

Atutxak, aurreikuspenak bete eta inongo eragozpenik gabe eutsi dio txapelari

Garbi dago Bizkaian Aitzol Atutxak gainerakoei sekulako aldea kentzen diela, eta atzo berriro ere Bizkaiko Lehen Mailako finalean hori guztia baieztatu zen. Bigarren sailkatu zen Irazabali zazpi minutu pasako tartea kendu zion Aitzolek.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Atutxak hasieratik bukaerara kontrolatu zuen finala. Hasieran jarri zen lehen postuan, eta amaierara arte horrelaxe joan zen. Ez zen beraz, aurrez pentsa zitekeen moduan emozio handirik izan.

Hortik atzera gauzak estuago joan ziren. Iaz bezalaxe aurten ere Aritz Irazabalek bigarren postuari eutsi egin zion, eta finaleko bi gazteenak izan ziren lehen bi postuetan, nahiz eta oraindik bien artean sekulako aldea dagoen. Mendietarekin borroka izan zuen, baina apurka-apurka gora egin zuen, eta bigarren postuan sartu zen. Julen Mendieta beteranoak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Azken posturako ere borroka polita izan zen minutu eta erdian sartu baitziren azken hiru sailkatuak, baina hor geratu zena Zelai izan zen, Bihurrik eta Garciak aurre hartu baitzioten. Final hau ikusteko ere sekulako jendetza batu zen La Esperanza pilotalekuan.