Haurrek sormena landu dezaten, Elkar-en 6. lehiaketa martxan da
Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, Elkarrek antolatutako lehiaketa honetan 16 urtetik beherako haurrek har dezakete parte. Txikienek Alaine Agirreren ipuin batetik abiatutako marrazkia egin beharko dute; koskorrenek, berriz, Iban Barrenetxearen ilustrazio batekin ipuina idatzi.

Elkar argitaletxeak urtero antolatzen duen ilustrazio eta ipuin lehiaketa martxan da berriro. Seigarren edizio honetan Alaine Agirrek idatzitako ipuina eta Iban Barrenetxeak egindako ilustrazioa landu beharko dituzte haurrek euren sorkuntza propioak aurkezteko.
Lierni Mendizabal lehiaketaren koordinatzaileak azaldu zuen lehiaketaren hasierako edizioan haurrek ipuin batetik abiatutako ilustrazioa egin behar zutela soilik. Hala ere, bigarren ediziorako erabaki zuten partaidetza ume koskorragoei ere zabaltzea eta, horretarako, alderantzizko kategoria asmatu zuten, alegia, ilustrazio batean ikusitakoaren arabera ipuin labur bat idaztea.
Hala, 2009an 701 haurrek hartu zuten parte ilustrazioen atalean. 2010ean 3.165 ziren marrazkilariak eta 613 idazleak. Kopuru hori gradualki handitzen joan zen eta iaz 5.718 umek bidali zituzten euren ilustrazioak eta 781ek euren idazkiak. Aurten ere kopuru hori lortzen badute, pozik geratuko dira Elkarrekoak.
Atzotik hasita apirilaren 11ra arte jasoko dituzte lanak. Parte hartzeko hiru bide daude: Donostiako Portuetxe kaleko 88. zenbakian Elkarrek duen egoitzara bidaliz; edozein Elkar dendatan utziz; edo Elkar.com atarian lehiaketari eskainitako atalean eskegiz. Webgunean, gainera, ipuina (edo audio-ipuina) eta ilustrazioa eskuratzeko aukera izango da.
Ipuinetik abiatuz ilustrazioa sortu behar duten haurrek 10 urte baino gutxiago izan beharko dute. Alaine Agirrek idatzitako «Letra Txarra daukat, eta zer?» ipuinean oinarritutako marrazkia egin beharko dute A3 edo A4 formatuan, nahi duten margo teknika erabiliz. Haurraren izen-abizenak, jaiotze data, telefonoa, helbidea eta ikastetxea adierazi beharko da.
10 eta 16 urte arteko gaztetxoek, berriz, Iban Barrenetxeak egindako ilustrazioa aztertu eta orrialde bat baino luzeagoa ez den ipuina idatzi beharko dute ordenagailuz.
Lierni Mendizabalen esanetan, lehiaketa honek umeen artean irakurzaletasuna sustatzeko balio du, baita euskara bultzatzeko ere. Izan ere, haur txikienek ipuina irakurri (edo entzun) beharko dute, adi-adi, gero marrazkia egiteko. Koskorragoek, berriz, ilustrazioaren xehetasunak begiratu beharko dituzte eta irudimena landuz ipuin polit bat idatzi.
«Jokoa ematen duten lanak»
Alaine Agirre ezin izan zen lehiaketaren deialdian egon eta bere ordez Antxiñe Mendizabal editoreak eman zuen idatzitako ipuinaren berri. «Alaine hasiberria da, baina oso dotore idazten du -esan zuen- `Letra txarra daukat, eta zer?' udaberrian argitaratuko dugu Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin eta interesgarria izango da umeek egindako marrazkien alderatzea. `Eta zer?' bilduman arazo edo egoera oker bat agertzen da beti eta, pedagogismoan erori gabe, hori konpontzen saiatzen dira protagonistak». Ipuin honetan pertsonaia nagusia izar-lapurra izan nahi du iluntasunari beldur diolako, baina denek diote medikua izan behar duela oso letra txarra duelako. Berari ez zaio gehiegi inporta maite duen neskari gutun bat idatzi eta honek ezer ulertzen ez duen arte...
Iban Barrenetxeak, berriz, gaztetxoek erabili beharko duten ilustrazioa egin du. «Nik beti ipuinak ilustratzen ditut, gai bati lotuta egoten naiz eta, beraz, hain lan librea egiteko aukera ematea gustu bat izan da», azaldu zuen marrazkilariak. Bere erronka adin tarte horrentzat erakargarria den irudi bat sortzea zen, baina «zehatzegia» izan gabe. Abentura liburuak gustuko ditu eta Julio Verneren asmakizunak. Horregatik, globo aerostatiko batek gidatzen duen bizikleta bat egin du, bi bidaiariekin. «Istorioa osatzeko pista txikiak ematen ditut: mutilak mapa bat du poltsikoan, neskak arrautza bat duen kaiola bat du eskuetan, globoa airea galtzen ari da... politena izango da ikustea umeek zer asmatzen duten», adierazi zuen.
Lehiaketaren koordinatzailea pozik dago ariketak egiteko duten materialarekin. «Jokoa ematen duten ipuin eta ilustrazioa eskatzen diegu, haurrek aukera desberdinak izan ditzaten, eta uste dugu biek asmatu dutela euren proposamenekin», aipatu zuen. Bestalde, Alaine Agirreren idazketak xarma duela azpimarratu zuen, eta Barrenetxeari bere partaidetza eskertu zion «beti lanez lepo dagoelako».
Sari berezia, Irrien Lagunak klubaren eskutik
Gero eta gehiago dira Elkarren ilustrazio eta ipuin lehiaketan parte hartzen duten umeak eta horrek kategoria bakoitza hiru mailatan banatzea ahalbidetu du, sari gehiago banatu ahal izateko. Hala, ipuina ilustratu duten haurren artean A, B eta C maila osatuko dituzte adinaren arabera. Irabazleek pintura-estutxe osatu bat eta opari txartel bana jasoko dute.
Horrez gain, Irrien Lagunak klubak ekarpen berezi bat egingo du aurten lehen aldiz. Orain arte ez da eskolentzako sari berezirik izan, eta oraingoan publikoaren boto gehien jasotzen dituen ilustrazioak saria izango du. Haurrak klubaren material sorta bat jasoko du eta, gainera, bere ikastetxean Irrien Lagunak klubak ikuskizuna eskainiko du, eskolarekin data eta edukiera adostuz.
Ilustrazioa oinarrian hartuta ipuina sortu duten gaztetxoen artean ere hiru maila osatuko dituzte eta maila bakoitzean lehenengo saria eta bigarrena zehaztuko dituzte; lehenengo saria elkarlibbuk (liburu elektronikoen irakurgailua) bat izango da, bigarrena, berriz, iPod Shuffle musika erreproduktorea. Horrez gain, opari txartela ere eramango dute. N.B.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
