Jon LEUNDA
European Amlin Challenge

Aviron eta Biarritz hurrengo fasearekin amesten ari dira

Bi talde lapurtarrek gaur garaipena behar dute final-laurdenetan sartzeko aukerei eusteko.

Liga alde batera utzi, eta Europan sartuko dira Biarritz eta Aviron. Ongi etorriko zaie, gainera, indarra hartu eta aurrera egiteko. Biek dituzte final-laurdenetan sartzeko aukera handiak, baina horretarako biek behar dute garaipena.

Jokatzen aurrena Biarritz izango da, Oyonnaxen zelaian jokatuko du gaur 15.30ean. Frantziarrak Top 14an ere aurkari dituzte, eta mailari eusteko borroka horretan aurkari zuzena ere bai, nahiz eta une honetan biarriztarrek ez dieten inori arriskurik sortzen.

Gaur han irabazteak taldeak hurrengo fasean sartzeko aukerei eutsi egiten diela esan nahiko luke, eta aldi berean, liga bereko taldeei irabazteko ere gai direla erakutsiko lukete lapurtarrek.

Garbi dago Ligan ez bezala ari direla Europan, eta hori jokalariek ere onartzen dute. Garbi dago lehiaketa honetan ez dutela presiorik, eta horrek asko laguntzen diela, izan ere, Agilerako taldeak jokalari oso onak ditu.

Atzoko entrenamenduaren ostean, hamabostekoa ezagutzera eman zuen Biarritzek: Barcella, Hegi, Brotser, Furno, Lockley, E.Lund, Molcard, Fono, Lesgourgues, Peyrelongue, Thomas, Burotu, Gimenez, Ngwenya eta Pietersen. Hori baieztatzen baldin bada, Ruffenach, Menini, Van Staeden, Marie, Placines, Rousarrie, Sella eta Couet Lannes izango dira aulkian geratuko diren jokalariak.

Bestalde, 21.00etan, eta France 4 telebista katetik zuzenean jarraitzeko moduan izango delarik, Avironek London Waps hartuko du. Zuri-urdinek hurrengo fasean izan nahi baldin badute, garaipena behar dute. London liderra da, eta Aviron bigarrena. Gaur garaipena lortuta, ingelesen aurretik jartzeko moduan izango lirateke, eta horretan saiatuko dira. Gaur egun Avironen borroka Liga da, datorren urtean ere Top 14an jarraitu nahi baitute, baina Europan aurrera egiteko aukerei ere ez diete uko egin nahi, eta horregatik, talderik onena zelairatuko da gaur iluntzean.

Berez, txapelketa honek ez du aparteko zirrararik sortzen Baionan, baina gaurkorako zaleek gogoa erakutsi dute. Aurrean oso talde on bat izango dute, eta gaur irabazteak Ligarako ere ez lieke batere kalterik egingo zuri-urdinei, baina bai indarra eta animoak eman.

Spedding, Bustos Moyano, Rocokoco, Ahoteiloa, Fuster, Fernandez, Belie, Igiñiz, Arganese, Muller, Boutaty, Fa'aoso, Chisholm, Puricelli eta Marmouyet izango da hasierako hamabostekoa. Hori baieztatzen baldin bada, Roumieu, Manukula, Tialata, Senekal, Duhalde, Bernad, O'Connor, eta Brett geratuko dira aulkian, minuturen batzuk izateko itxaropenarekin.