Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok lehen aukera baliatu du txapela lortzeko

Bizkaitarrek 680 kiloko finala irabazi dute. Zuraide sailkatu da bigarren postuan eta Sokarri hirugarrenean.

Abadiñok irabazi du denboraldiko lehen txapela, atzo bizkaitarrek irabazi baitzuten 680 kiloko finala. Zazpi talde lehiatu ziren, eta bizkaitarrek lehen aukera baliatu dute aurtengoan ere beraiek hor daudela denei adierazi eta faboritoak direla argi erakusteko.

Azken urte hauetan berdeak nagusi izan dira, baina amaitu berri den laukoan ez dituzte emaitza onak lortu. Horrek nolabaiteko zalantzak sortu zituen, baina atzo denak argitu zituzten garaipena lortuz.

Ezustea bigarren postuan eman zen, Zuraidek eskuratu baitzuen zilarrezko domina. Inork gutxik kontatzen zuen talde lapurtarrarekin, baina lan bikaina egin eta bigarren postu horretan amaitu zuten.

Hirugarren postuan, Sokarrik amaitu zuen. Laukoan lan bikaina egin zuen, baita zortziko lehen jardunaldian ere, hau da, larunbatean jokatu zen 640 kiloko saioan. Aldiz, atzokoan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten bizkaitarrek.

Laugarren postuan Ibarra sailkatu zen. Atzekoak mendean hartu zituen, baina aurrekoekin ez zuen asmatu, eta sailkapenaren erdian amaitu zuen. Bosgarren postuan, Muruteak amaitu zuen, eta bizkaitarrek lan txukuna egin zuten. Bizkaitarrak sailkatu ziren seigarren postuan ere, Nabarnizek lortu baitzuen postu hori. Azken posturako ez zen ezusterik izan, 6 Conceyos sailkatu baitzen. Asturiarrak saiatzen dira, urte batzuk daramatzate jada Euskal Herrira etortzen, baina ezin dute garaipenik lortu.

Herenegun, berriz, 640 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen. Hor ere zazpi talde ari dira jokatzen, baina pisu horretan bi jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta, horren ostean, sei onenek lortuko dituzte finalean aritzeko txartelak.

Sekulako lehia eta borroka egon zen pisu horretan, berdinketa ugari izan baitziren. Lehen postuan Sokarri eta Ñapurrak taldeak izan ziren berdinketa lortu zutenak, eta horrekin lapurtarren gorakada ere ikusten da. Hauen atzetik Abadiño sailkatu zen, eta bizkaitarren atzetik berdinduta geratu ziren Murueta eta Nabarniz, eta, gauzak asko aldatzen ez badira, sei hauek jokatuko dute finala. Azken postuan 6 Conceyos talde asturiarra sailkatu zen.

Emakumezkoen 540 kilokoan lehen jardunaldia jokatu zen, eta Gaztedik eman zuen ezustea lehen postua eskuratuz. Ibarrak eskuratu zuen bigarren postua, Badaiotzek hirugarrena, eta, Bizindarrek, laugarrena eta azkena. Pisu honetan hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen da.