IKUSMIRA

Udalbiltzaren egitasmoa: garapena elkartasunetik

Udalbiltza nazio eraikuntzarako tresna garrantzitsua da, baina ez asmo horrekin sortu zelako, baizik eta, Estatu espainolaren eraso bortitzak gaindituta, hala erakusten duelako. Duela 13 urte, Xiberoa Garatzen egitasmoa abiatu zuen, eta Zuberoaren egoera Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere bizi dutela kontuan izanik, hurrengo urtean Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa sortu zuen. Euskal eskualde guztien garapen orekatua lortzea, ordea, ezinezkoa zen egitasmo bat iragarri eta instituzio batek bere kabuz gauzatuz; hartarako, eskualde horietako eragile eta bizilagunek parte hartzea beharrezkoa zen, eta da. Euskal herritar guztien elkarlana eta elkartasuna ezinbestekoak dira horrelako ekimenak aurrera ateratzeko, eta elkarlana eta elkartasuna herri honetan ondo sustraitutako balioak dira. Udalbiltzak orain Pirinioan «Euskal Pirinioetan lan eta bizi» proiektua abiatuko du, Nafarroa Garaiko eta Behereko eta Zuberoako 103 udalerri hartuko dituena. Hori inguru paregabea bada ere, Euskal Herriko txiroenetakoa eta lurralde baztertua da, hango zerbitzuen kalitatea ikusi besterik dago. Horregatik, Gaindegiaren txosten batean oinarrituta, bertako eragileekin hitz egin ondoren, mugaz gaindiko kohesioa eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko egitasmoari ekin zioten. Erronka, garapena eta nazio kohesioa; oinarria, elkartasuna.