Maider IANTZI
SAGARDO BERRIAREN EGUNA ASTIGARRAGAN

Kalakan-ek ireki du txotx aldia, kantuz eta euskaraz une goxoak pasatzeko

Madonna euskaraz abesten jarri duen «Sagarra jo!» ezaguna kantatuz ireki zuen Kalakan-ek aurtengo txotx denboraldia Astigarragako Alorrenea sagardotegian. Kantuaren erritmoa handitzearekin batera etorri zen une gorena: kupel inguruak jendez lepo, kazetari eta kamera tropela protagonisten ehizan... Musika taldekoek une sinple eta goxoak pasatzera jo ohi dute gune hauetara; atzokoa, ordea, ezberdina izan zen.

Txalaparta kolpe mantsoekin hasi zen ekitaldia, poliki-poliki, eta berezia izan zen hiru kantari perkusionistak -Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau- gibeletik gonbidatu piloa zutela sartzean intentsitatea handitzen sumatzea. Nabari zen taldea publikoari emozioak sortzen abila dela.

Sabela hustu behar zuen lehen kupelaren ondoan plataforma bat jarria zuten argazkilari eta kamerarientzat, eta han egon zen talde handi bat, txintxo-txintxo, ordu erdi lehenagotik. Banku bat ere bazen eta bertze lagun batzuk hara altxatu ziren xehetasunik ez galtzeko. Behean, aretoa bete-betea ageri zen. Protagonistak edalontzi hutsak eskuetan irribarrez ailegatu zirenean, klik-klak hotsak hasi ziren, klik-klak pila bat, eta ez ziren isildu mahaietara bakailao tortillak atera arte.

Uztaren ezaugarriak

Sagardun Partzuergoko Joxe Angel Goñik aurtengo uztaren ezaugarrien berri eman zuen: Hori-berdexka kolorekoa da, txinparta finekoa, mikatz puntu bat du eta azkenean zapore freskagarri eta lehorra uzten du. Sagardoaren aitzinetik sagarra dator eta joan den udaberria kaskarra izan da, produkzio eskasekoa. Horregatik, kanpora abiatu behar izan dute sagar bila 10 milioi litro ekoizteko. Estatu frantsesetik eta Galiziatik ekarri dituzte.

Bertako sagarrondoak sustatzeko helburuarekin lanean ari dira. Goñik zehaztu zuenez, azken lau urteetan 60.000 sagarrondo landatu dituzte. Fraisoro Laborategian dastaketa sentsorialeko panela martxan jarri dute eta Hondarribiko Zubietako Finkan galtzeko zorian dauden sagar barietateak berreskuratzen ari dira.

Nahiz eta garai samurrak ez izan, urte ona izan da 2013a Sagardoetxearentzat. 11.000 bisitari izan ditu eta Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du. Edari honi balio erantsi gehiago emateko, esate baterako, sagardoa itsasoarekin eta gaztarekin lotzen dituzten esperientziak eta Santiagomendiko Sagardo Bidea sortu dituzte.

Alkateak platera eman zien Kalakan taldeko kideei eta ondotik sagastian zuhaitza landatu zuten. Amets Arzallusek hala kantatu zien adarra joz: «Iparraldetik ez da etortzen inoiz landatzaile txarrik/ zuei esker ez da faltako sagarrondo ta sagarrik/ ta sagar bila ez da izanen Frantziara joan beharrik».

Bazkarian, hainbat gonbidatu eta kazetari elkartu zen mahaietatik kupeletarako joan-etorrian, kanpoko hedabideak ere bai, Zinemaldirako etorri eta hemen negua nolakoa den ezagutzeko bertan gelditu den Luxenburgoko bikote bat kasu. Bakailao eta txuleta ederren artean azaldu zieten hemengoek zer den sagardo denboraldia.