Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Elkarri tamaina hartzeko garaia iritsi zaie taldeei

Txapelak lortzeko gai zeintzuk izan daitezkeen ikusiko da hemendik aurrera.

Gatikako probalekuan jokatuko da bihar, 11.30ean, Euskal Herriko Txapelketako goma gaineko hirugarren jardunaldia. Gizonezkoetan, 640 kilokoaren bigarren jardunaldia izango da, ligaxkako azkena, eta emakumezkoetan ere bigarren saioa izango da, 540 kilokoan.

Mutiletan zazpi talde aritu ziren lehen jardunaldian, eta bihar ere beraiek neurtuko dira, eta gauzak asko aldatzen ez baldin badira, lehen jardunaldiko aurreneko sei sailkatuek amaituko dute lehen sei horietan, eta finalerako sailkatuko dira. Zazpigarrena, 6 Conceyos talde asturiarra, euskal taldeak baino koska bat edo bi beherago dago, eta zaila izango da haiek finalerako txartela eskuratzea.

Lehen jardunaldian Ezpeletako Ñapurrak eta Sokarri berdinduta geratu ziren, baina atzeko taldeek ere lan ona egin zuten, eta bihar ere saio oso polita ikusteko modua izango da.

Lehian arituko diren taldeak honako hauek izango dira: Ñapurrak, Sokarri, Abadiño, Ibarra, Murueta, Nabarniz eta 6 Conceyos. Bi jardunaldietako puntuak batu, eta sei onenek urtarrilaren 25ean jokatuko dute azken jardunaldia, eta han erabakiko da txapela. Nesketan, berriz, Gaztedik ezustea eman zuen lehen jardunaldian, eta Ibarrak eta Badaiotzek txapelaren lehian jarraitu nahi baldin badute, bihar bizkaitarrei aurre hartu beharko diete, bestela gorritxoek txapela ia soinean izango dute, nahiz eta beste jardunaldi bat falta dena amaitzeko.

Ibarra onena izan da laukoan, baina han ez da Gaztedi ibili, beraz, hemendik aurrera ikusiko da bi talde horien artean zer gertatzen den. Hemen ere saio oso politak izango dira, eta zaleek gozatzeko aukera izango dute. Bizindarrek zaila izango du azken postua uztea.