J.L.
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Ezpeletako Ñapurrak taldeak txapela lortzeko prest dagoela erakutsi du

Ezpeletako Ñapurrak taldeak argi eta garbi utzi zuen atzo 640 kiloko txapela lortzeko prest dagoela, eta, beraz, faboritoen zerrendan sartu beharra dagoela. Atzokoan garaipena lortu zuten lapurtarrek pisu horretako lehen faseko azken jardunaldian.

Hala ere, lehen fase honetako helburu nagusia aurreneko sei taldeen artean sartzea izaten da, horrek ematen baitu finala jokatzeko txartela. Aurreneko jardunaldiko emaitzak ikusita, garbi samar zegoen zein geratuko zen kanpoan, zazpi talde aritu baitira lehian. Beste behin ere, 6 Conceyos talde asturiarrak ez zuen ezusterik eman atzokoan eta azken postuan sailkatu zen; hala, asturiarrak izan dira kanpoan geratu diren bakarrak. Ondorioz, datorren larunbat arratsaldean Idiazabalen jokatuko den final handian, Ñapurrak, Sokarri, Abadiño, Ibarra, Murueta eta Nabarniz arituko dira.

Emakumezkoen 540 kilokoan bigarren jardunaldia jokatuko da, eta azken saiorako emozioa gainezka izango da. Pisu honetan hiru jardunaldiko ligaxka izango da, eta, bigarrenaren ostean, sailkapen nagusian berdinduta geratu dira Ibarra eta Gaztedi. Izan ere, atzo Ibarrak irabazi zuen eta Gaztedi bigarren geratu zen, lehen jardunaldiko emaitzak aldatuz; horrenbestez, bi taldeak zazpina punturekin berdinduta geratu dira.

Hortik atzera, postuak errepikatu egin dira. Badaiotzek eskuratu zuen atzokoan ere hirugarren postua, eta, Bizindarrek, berriz, laugarren postua. Hortaz, sailkapen nagusian ere horrela geratzen dira, hurrenez hurren lau eta bi punturekin.