Maider IANTZI
INAUTERIAK EUSKAL HERRIAN

Leitzako «atsaureak» bihurrikerietara datoz

Euskal Herrian eta munduan ezagunak dira gaur eta bihar aterako diren Zubieta eta Iturengo joaldunak, baita Lantzeko Ziripot eta Miel Otxin ere. Etnologo eta ikerlariek aunitz aztertu dituzte eta herritarrek ere testigantzak bildu eta ospakizun zaharrak berreskuratu dituzte. Lan horien fruitua da Nafarroako Gobernuak interes kulturaleko ondasun ez material izendatu izana.

Baina hauetaz gain, badira gurean bertze hainbat inauteri bitxi, gutxiago ikertu direnak, ezezagunagoak, gaur egun ospatzen ditugun besten aldean aski desberdinak eta, aldi berean, Euskal Herri osoan antzeko pertsonaiak eta ohiturak daudela erakusten dutenak. Leitzan, urtero berpizten dute pertsonaia bat. Aurten, zankoduna.

Herri hau hartu dugu tradizioak zaharberritzeko herritarrak egiten ari diren ahaleginaren adibidetzat. 2007an Ihauterizaleak taldea sortu zen eta, Alke kultur taldearekin batera, gaia lantzeari ekin zion. Herriko zaharrei elkarrizketak egin eta euren hitzetatik garbi jaso zuten bertzelako besta moldeak zeudela garai batean.

Alke elkarteko bi kiderekin mintzatu da GARA, Juan Mari Barriolarekin eta Fernando Oiartzunekin. Hauek kontu eta istorio eder eta barregarriak kontatu, eta gehiago jakiteko eta Leitza aldera joateko gogoz utzi gaituzte.

Baserriak ezagutzeko aukera

Larunbatean hasi ziren hemen «ihotek», eta bihar bukatuko dira. Asteburuan gozagarri ugari izan zuten, baina usadio zaharretan parte hartzeko aukera batez ere gaur eta bihar izanen da. Gaur Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu baserri auzoetan eskean ibiliko dira ehun lagun baino gehiago. 09.00etan abiatu eta ez dira itzuliko 19.00 arte. Bi taldetan banatuko dira: batzuk Gorriztaran eta Arkiskilera, eta bertzeak Erreka eta Sakulura. Gero Arkiskilen elkartu eta kalejiran jaitsiko dira herrira. Momentu hau hagitz polita izaten da eta kanpotarrak ere erakartzen ditu.

Barriolak azaldu duenez, Leitzan 110 baserri daude bizirik, bost auzotan banatuta -bihar bisitatuko dute bosgarrena, Erasote- eta eskeak mundu hau ezagutzeko aukera aparta ematen du. Alkeko kideak beti ezagutu ditu neska-mutilak eskean. Koloredun soineko, zapel eta atorra beltzak janzten dituzte. Auzo batzuetan, «atsotzea» erraten diote mozorrotzeari, bertzetan «atsauretzea»; «zomorrotzea» ere bai.

Oiartzunek argitu duenez, atso-aguretik dator izena eta gizonak emakumez eta emakumeak gizonez janzten zirela adierazten du. «Atxoa-atxoa zerrie beño faltsogoa!» egiten zieten oihu umeek atsauretuta zeudenei, eta hauek, makila, zerri maskuri edo sarde batekin, atzetik segitzen zieten. Makilei lumak jartzen zizkieten puntan eta kilimak egiten zizkieten umeei eta neskei aurpegian edo harrapatzen zuten lekuan. Luma itsats horiek ere berreskuratu dituzte.

36ko Gerra aitzineko inauteriak ikertzen hasi zirenean, soineko hagitz politak eta metro bat baino luzeago ziren txanoak eramaten zituen kuadrilla batek eman zien arreta. Alke eta Ihauterizaleak taldeak, ordea, besta osoa hartzen saiatzen ari dira. Ikusi dutenez, animaliek pisu handia dute: ahari adarrak, ardi larruak... Bi mozorro uztarri batean lotu, kopetakoak jarri eta idi pareak bezala ere ateratzen ziren. Gurdi txikiaren gainean, putre bat eramaten zuten lotuta, asto bat, edo enbor erraldoi bat, jende guziaren arreta erakarriz. Horrekin hastea datorren urterako erronka dute.

Hagitz ohikoa zen animaliak ere atsauretzea. Erreportaje honetan jaso dugun 1932ko argazkian asto bat ageri da galtzekin eta txanoarekin. «Beste alderdi bat erlijioarekin egiten ziren parodiak ziren. Bat apaizez jantzi, eta bi monagilorekin, txakur txiki bat bataiatu zuten plaza erdian. Meza erdian apaizak gona goratu zuela ere kontatzen dute».

Leitzarrak eta berastegitarrak

Pertsonaia tipikoenak zaku potoloak, aziendak bezala jantzitakoak eta txano luzedunak ziren. Erreka auzotik atera eta berastegitarrak eta leitzarrak elkarrekin ibiltzen ziren joaldunak bezala soinua eginez eta luma isatsekin. Berastegin barna ibili, gosaldu, eta baserri inguruak zeharkatuz Leitzara iristen ziren, erritmoari jarraituz, txintxarri eta kulunkei eraginez. Bi urte daramate Oiartzunek eta bertze bospasei lagunek ateratzen.

Ilbeltzaren 14an, Auzmendi baserrira egin zuten bisita kultur taldekoek, aditua zutelako bertakoak ihoteetan ibiliak zirela hagitz era berezian: atsauretu eta zankoetan. Sutondoan jarri, eta istorioak kontatzen hasi ziren baserriko senar-emazteak: «Ba, ordun, jende asko ateratzen zen, eta denak arpegie estalite; oihal bat patute, edo bestela, kortxukin-edo arpegie ongi-ongi belztute. Beño atsauretzeko ta pesta itteko lan haundik ez zen in behar preziso, etzen asko apainddu behar. Grazi gehio baito nolabatte zarpa batzuk jantzitte, ta neska pinpirin bat igual harrapatzea joan, eta ingurukoak denak, lertu itten parrez! Bihurrikerik eta itten baikiguñen; jakiñe, behin arpegie estaliz geroz, ez baikiñen lotsatzen!».

Gerora herrian arrakasta handia izan zuen zankoen saltsa hura ere eurek asmatu zuen. «Zankoak itten giñuzen pertsonan tamañekoak» oroitzen dute. Bihar berriro aterako dira zankodunak aspaldiko partez, bertze atsaureekin batera. Atekabeltzen bazkaldu eta 18.30ean kalejiran aterako dira musika bandak alaituta. Inauteri hauek ezagutu nahi dituenak, hortxe du aukera.