«Euskal» komunitatea
Euskal, euskal herritar, euskarazko, euskaldun... Nork erabaki zer nola erabili? Joan den astean NAIZen Manu Leginetxeren heriotzarekin egindako hileta oharrean «euskal» izendapena ezartzeko «askatasuna» hartu genuen lantaldean, eta erabaki hark soka luzea ekarri du sarean, batzuen ustez erabilera kaskarra izan baitzen hura, eta urteetan batzuk zein besteak filosofatzera eraman dituen eztabaida berpiztu baitzuen. Tamalez.
Badira «euskal» izendapena euskal literaturarekin edo euskal kulturarekin lotzen dutenak. Euskal=Euskalduna. Euskal idazle izango da, beraz, soilik euskaraz idazten duena. Hortik NAIZi egindako lehen kritika; Manu Leginetxe EZ da euskal kazetaria. Euskal kulturak ere euskarazko sorkuntzak soilik hartuko ditu bere baitan. Gainontzekoak, sorkuntza euskal herritarren zakura.
Hortaz, zein titular aukeratu? a) `Manu Leginetxe kazetari eta idazle euskal herritarra hil da'. b) `Manu Leginetxe erdal kazetari eta idazlea hil da' c) `Manu Leginetxe kazetari eta idazlea hil da (jatorririk aipatu gabe)'.
«Euskal» izendapen horrek badu konnotazio politiko bat azpian. Eta konnotazio politiko hori erabiltzaileak bezain besteko irizpideak oinarri hartuta balia daiteke. Hau da, euskal komunitatea osatzerako orduan izan daitezkeen balorazio ezberdinek eraman dezakete norbera era horri erabilpen bat edo bestea ematera. Baina esklusibitatea ez da, momentuz, inorena.
Eta bestetik. Sorkuntza baten euskarazko balioa areagotu nahi bada, ziur naiz «euskal» baino, «euskaldun» edo «euskarazko» hitzek lehentasuna luketela. «Berria» egunkaria jarriko dut -haien baimenarekin- adibide. Euskal egunkari bakarra al da? Ala euskarazko egunkari bakarra?
Zoritxarrez, gure herria ez da soilik euskalduna eta badira gurean zenbait elementu bizirik mantendu edo eraikuntza lanetan ekarpenak egin dituzten euskal herritar erdaldunak. Euskal komunitatetik at al daude? Hala bada, kanpoan leudeke, esaterako, Jorge Oteiza, Toti Martinez de Lezea eta Barricada. Baita ni neu ere, bi hizkuntza darabiltzan Euskal Herriko euskal-erdal egunkari batean idazteagatik. Domaia. [@arianekamio]

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
