Estatuak ez du zer mendekaturik
Gaurko zerrenda honetan GARAren 15. urteurrenaz idazteko asmoa nuen. Egunkari honetan lanean hasi baino askoz lehenago, lehen aletik beretik, literaturaz, kulturaz idazten hasi nintzela gogoan. Egunkariko arduradunek behin ere ez didatela nahi nuenaz, nahi nuen moduan eta hizkuntzan jarduteko eragozpenik jarri. Eta esan nahi nuen herri honek bere bidea egiteko, egiten segitzeko, GARA -nire artikuluak gorabehera- ezinbesteko tresna duen uste osoa dudala, orain dela 15 urte egunkari berrira neure lehen zutabea bidali nuenean bezalaxe.
Literaturaz, kulturaz, idazten nuen, baina sarritan, sarriegitan, desesperatzeko moduko maiztasunez, buruan nuen gaiaz besteko gertakariak ekartzen nituen hizpide, gehienetan inoiz ere ekarri nahi izango ez nituenak. Gaur bezala, eskuarki literaturaz, kulturaz jarduten ez badut ere.
Arkaitz Bellon, beste hainbat preso politiko eta senide bezala, joan den hilean Burgosko kartzelan hil zen bizkaitarra eta beste preso sozial ugari bezala, mendeku politikaren biktima da, zerrenda luze bateko azkena. Izan ere, Estatu espainolaren eragingarri nagusia mendekua da. Hala ere, estatuek ez dute zer mendekaturik. Estatuaren funtzioak mendekua saihestea izan beharko luke, hain zuzen. Baina Estatu honen arduradunek tresna dute mendekua, elikatu duten mendeku gosea euren baliabide nagusia da gaur egun.
Arrazoi dute ETAren giza eskubideen bortxaketa, esate baterako, eta Estatuarena ez direla biolentzia alderagarriak diotenek. Izan ere, Estatuaren eskubide bortxaketa larriagoa da, inondik ere. Batzuek, askok, esango dute estatuak biolentziaren monopolioa izan behar duela, biolentzia legitimoa, alegia. Bego. Hala ere, biolentzia ustez legitimo hori, eskubideak bermatzeko tresna izan behar lukeena, eskubideak urratzeko erabiltzen denean, askoz ere krimen larriagoa gertatzen da.
Mendeku gose aseezina berdinduko duen justiziaren zaleek, beharbada, etxekoen artean hiltzera atera zutena bizirik irauteagatik duten ezinegona lasaitu dute pixka batean.
Arkaitz gogoan, besarkada handia haren senide eta hurkoei.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
