Asier AIESTARAN
Binakako Pala Txapelketa

Karmelo Balda omenduz

Bost bikotek hartuko dute parte oso-osorik Donostiako pilotaleku luzean jokatuko den lehiaketan.

Aurten 40 urte betetzen dituen Karmelo Balda pilotalekuan jokatuko da oso-osorik Munduko Binakako Pala Txapelketa. Bost bikotek hartuko dute parte larunbat honetan hasi eta datorren martxoaren 29an amaituko den lehiaketan. Hilabete eta erdi horretan Donostiak hartuko dio lekukoa Bilbori palaren hiriburu nagusi modura.

Atzo Gipuzkoako hiriburuan eginiko aurkezpen ekitaldian jakitera eman zutenez, Fusto-Urkijo, Gaubeka-Larrinaga, Zubiri-Imanol, Garcia-Aierbe eta Altadill-Ibargarai izango dira txapelketan parte hartuko duten bost bikoteak. Vladimir Lujan atzelari kubatarra kanpoan geratu da, baina ordezko moduan sartzeko aukera izango du beharrezkoa izanez gero.

Aipatutako bikote guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute final-laurdenetako ligaxkan, eta lehen sailkatuak zuzenean lortuko du final handirako txartela. Ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuek, aldiz, finalerdi bat jokatu beharko dute elkarren aurka. Laugarren eta bosgarren amaitzen duten bikoek agur esango diote lehiari. Neurketa guztiak set edo joko bidez erabakiko dira, hiru irabaztera hain zuzen ere.

Txapelketa larunbat honetan bertan abiatuko da ligaxkako aurreneko bi neurketekin: Gaubeka-Larrinaga / Altadill-Ibargarai eta Garcia-Aierbe / Zubiri-Imanol. Jaialdia 18.00etan hasiko da Donostiako pilotaleku luzean. Beste jardunaldietako norgehiagokak ere jadanik zehaztuta daude, baina eguna eta ordua oraindik guztietan ez, ahal dela beste kirol jarduera batzuekin bat egin ez dezaten.

Errepikapenik ez

Faboritoei buruz hitz egiterako garaian, nahitaez Pablo Fusto aipatu beharra dago, azken urteetan pala txapelketa gehienetan nagusi izan den aurrelari argentinarra. Iaz Koldo Larrinagarekin irabazi zuen lehiaketa, baina aurten atzelari izatera pasa den Josu Urkijo izango du bidelagun Buruz Buruko txapeldunak. Larrinagak, berriz, Gaubeka izango du aurrelari, eta oso kontuan hartzeko bikotea osatuko dute bi bizkaitarrek ere.