Jon LEUNDA
Berezkoak

Zortzi bikoterekin jokatuko da aurtengo Binakakoa

Otsailaren 22an abiatuko da, eta finala, berriz, apirilaren 20an jokatuko da Baionako Modernen.

Igandean amaituko da Buruz Buruko Txapelketa, baina Binakakoa ere prest dago, atzo bertan egin baitzuten aurkezpena. Otsailaren 22an abiatuko da Saint Martin de Hinxen, eta apirilaren 20an jokatuko da finala Baionako Modernen.

Aurtengo berrikuntzarik handienak lekuetan egongo dira; izan ere, hiru aldiz aterako da lehiaketa Euskal Herritik kanpora. Lehen jardunaldia Saint Martin de Hinxen, Landetan izango da, eta hor abiatuko da, gainera, txapelketa ere. Hurrengoa Blagnacen izango da, Okzitaniako Tolosa inguruan, martxoaren 8an, eta azkenekoa, Pauen, martxoaren 14an. Gainerako lekuak, ohikoak izango dira. Baiona, Donibane Garazi, Sara, Garindaine, Arrangoitze, Senpere, Milafranga, Baigorri, Armendaritze eta Donapaleu izango dira.

Guztira, zortzi bikote lehiatuko dira bi multzotan banatuta, eta bakoitzean denak denen aurka jokatu beharko dute. Aurreneko biek lortuko dute finalerdietarako txartela, eta hor gurutzatu egingo dira. Horrela, A multzoko aurrenekoa, B multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da, eta B multzoko aurrenekoa, A multzoko bigarrenaren aurka. Bi irabazleak neurtuko dira Baionako Modernen jokatuko den finalean.

A multzoan, honako bikote hauek arituko dira: Waltari eta Kurutxari, Lanbert anaiak, Sorhuet eta Etxeto eta Bille eta Lazkano. B multzoan, berriz, honako hauek: Larretxea eta Harizmendi, Larralde eta Ezkurra, Agirre eta Bonebeltxe eta Intxauspe eta Amulet.

Garbi dago hemen bi hutsune garrantzitsu izango direla; izan ere, ez Ducassou II.a, ez eta Etxeberri ere ez dira arituko, baina aurkezpenean aditzera eman zutenez, arrazoiak ere sinpleak dira. Ducassou gaztea une honetan bere ikasketak amaitzen ari da, antza, eta berak eskatu du ez jokatzea, bere ikasketak ongi amaitu ahal izateko. Bestetik, berriz, Etxeberriri ebakuntza egin berri diote bizkarrean, eta hilabete batzuetan geldirik egon beharko du.

Partidak ikusteko sarrerek izango dituzten salneurriak ere jarrita daude eta, itxura denez, horiek mantenduko dira txapelketa osoan zehar. Horrela, lehen faseko partidak ikusteko 12 euro ordaindu beharko dira. Finalerdiak ikusteko, berriz, 15 eurotan egongo dira sarrerak salgai, eta finalerako, berriz, bi salneurri izango dira. Sarrerarik merkeenak 10 euroan egongo dira, eta garestienak, berriz, 20 euroan. 18 urtetik beherakoek, eta ikasleek, berriz, sarrera doan izango dute, baina horretarako hori baieztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute. Horrekin, trinketeko harmailak betetzeko erraztasunak eman nahi dituzte.