Ariane Kamio
Kazetaria
TXOKOTIK

Ondoko gelara, mesedez

NANa baliorik gabe izan dut azken hiru hilabeteetan. Iraungintze data ondo pasata, burua bueltaka nenbilen, batez ere errepide kontrol batean geratu eta NANik gabe polizia gizonei zer esan edo, hobeto pentsatuta, haiek nola erreakzionatuko zuten beldur.

Berritu egin dut, bada. Nagikeriak kendu, betiko argazkia atera eta Donostiara, NANa berritzera. Autora bidean, lagun batekin: «NANa berritzera noa, azarotik baitaukat kadukatuta». «Azarotik? -galdetu dit-. Hiru urte dira nik berritu ez dudala». Eta beste batekin ondoren: «Etxean ez nik eta ez alabek ez dugu NANik. Galdu egin genituen eta oraindik ez ditugu berritu». Ni al naiz ba NANa berritzen duen inozo bakarra?

Irratia piztu dut bidean. Ceutako afera dute aztergai. Etorkinek jasandako tratua, Guardia Zibilak botatako pilotakadak, hildakoak... eta etenik ez duen desesperazio uholdea. Beharrak, ezerezak eta jaioterrian esperantzarik gabe bizitzeak eramaten dituzte, kasu gehienetan, urteak irauten duen bidaia abiatzera.

Amara Plazako parkingean autoa utzi eta komisaria berrirako bidean naiz, Urumea ibaiaren beste aldera noa. Atean, argazkiak egiteko publizitatea banatzen duen gizonezkoa. Zertarako, baina, komisaria aurrean banatu, hara joaten direnek dagoeneko argazkia poltsikoan badaukate? Zalantza inozoa, baina horren bueltan konturatzerako hankak atarian ditut.

Emakumezko polizia kanpoan. Irteerako atetik sartu naiz, oker, eta barrukoak: «¡Por la otra puerta!». Ados, ados! Banoa atzera. Detektagailutik pasatzea derrigorrezkoa omen eta «prozedura horrek» jende ilara luzea sortu du.

Ilaran, kristaletik begira, jendez betetako gela dut parean. Etorkinak guztiak. Magrebtarrak, senegaldarrak, hegoamerikarrak... Kultura aniztasuna polizia etxean? Etorkin bakoitzak zer nolako bidaia egin izan ote zuen pentsatu dut berriro, eta horietako bakoitzaren atzean zein istorio topa ote genezakeen otu zait. Bidaia emozionala ere izango da haiena, arrotza zaien herrialde bati berean geratzeko erregutzera eramaterainokoa. Hori bai, beti ondoko gelan jarrita, gainontzekoengandik ondo bereizita. Badaezpada.