Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Feminismoa behar dugu

Feminista izatea zerbait indartsua da, kontzienteago bihurtzen zaituena eta maiz askatasunaren zauriak ekartzen dituena. Emakumeen emantzipazioaren eta harreman sozialen eraldaketaren alde konpromisoa hartzea da

Etzi Martxoaren 8a da, feminismoaren aldeko konpromisoa berresteko eguna. Aurreko urteko martxoaren 8tik hona, emantzipazioaren inguruan antolatu diren nazioarteko bi jardunaldietan egoteko aukera izan dut. Feminismoa ez zen gai nagusia, baina, bere lekua hartu zuen eta, inoiz gertatu ez zaidan bezala, hizlari izan ziren feminista gehienengandik urrun sentitu nintzen. Batzuk beti bezain jakobino eta unibertsalak eta, besteak, abstrakzioetan, jadanik difusoa eta anizkuna omen den subjektuaren zatikatze etengabean. Denak, feminismoaren epelean.

Feminista izatea zerbait indartsua da, kontzienteago bihurtzen zaituena eta maiz askatasunaren zauriak ekartzen dituena, barruko zauriak zein zauri kolektiboak. Feminismoa emakumeon emantzipazioarekin eta harreman sozialen eraldaketarekin konpromisoa hartzea da. Konpromisoa askotarikoa izan daiteke, maila zein moldeetan, baina kontzientzia feministak ezinbestean zapaldua eta ukatua den kolektibo anitz batenganako ardura ekarri behar du. Feminismoa helburua baino bitartekoa da, beraz. Hortaz, egun, emakumeon emantzipaziorako balekoa den feminismoak boterea bereganatzeko eta bizitza sozialean eragiteko anbizioa izan behar du, bere presentzia politikoa indartuz, aldaketa sozialaren bidean eraginez. Euskal feminismoak, azken hamarkadan, feministen arteko konplizitateak erein ditu eta bere lehen sozializazio politikoa feminismoan izan duen belaunaldi berriaz erditu da.

Euskal feminismoaren erronketan aldaketarako estrategiekiko ardura antzematen da, emantzipazioaren testuingurua benetan zaila bada ere. Eredu ekonomiko ultraliberala eta eredu sozial ultrakontserbadorea inposatzeko Estatu-Merkatu kolpea bizi dugu. Modu guztiz ez demokratikoan burutzen ari den trantsizio honen sakoneko ondorioak ikusteke daude oraindik, desberdintasun sozialak emendatzen ari dira eta berdintasun formal zein ez-formalean atzera urratsak egingo dira. Honen atzean erabaki zehatzak daude: murrizketa politikak, pribatutasunaren aldeko ekimena, negoziazio kolektibo edo pentsio eta osasun erreforma, abortuaren erreforma proposamena. Eredu sozial baten aldaketarako pultsua da eta datorren agertokia emakumeon pobretzea, lan kargaren areagotzea, egiturazko langabezia eta prekarietatea zabaltzea eta gure bizitzaren kontrol demokratikorako ditugun bitartekoen gutxitzea ekartzen ari da. Lan merkatuan eta dimentsio materialean emendatuko diren ezberdintasun hauek familian eta espazio pribatuan diren ezberdintasunak areagotuko dituzte eta honek, era berean, emakumeak bizitza publikoan aritzeko trabak indartuko ditu.

Ofentsiba ultraliberala sistema kapitalistaren iraunkortasuna baldintzatzen zuten zaintza eta ekologia krisiaren gainean garatu da. Zaintza krisia sexuen araberako lan banaketa sisteman sortutako tentsio eta kontraesanen ondorioa da. Faktore hauen artean jendartearen zahartzea, hazkunde demografikoa eta sare sozialen ahultzea daude, baina, baita emakumeok azken hamarkadetan ikasitakoa, irabazitako itxaropenak eta rol berriak ere. Ofentsiba honek emakumearen eta bere lan indarraren menperatzea modu kontzientean bilatzen al du? Bai, besteak beste.