International Surfing Association: 50 urte surfa mundura zabaltzen
Aurten 50 urte betetzen ditu ISA elkarteak, baina lanean gogor jarraitzen du eta horren adibide dira berriki ISAko zerrendan sartu diren azken bi herrialdeak. Gambia eta Nigeriarekin jada 81 herrialde bildu dira eredu olinpiarraren arabera elkarren artean lehiatzeko.

ISA erakundeak 50 urte betetzen ditu aurten eta ospakizunetarako prestatzen ari dira surflariak eta elkarteetako kideak. Baina, bien bitartean, ISAk lanean gogor jarraitzen du eta azken bi asteetan beste bi herrialde batu dira elkarteko kideen zerrendara.
Surfa sustatu
Munduko txapelketak antolatu eta munduko txapeldunak izendatu ahal izateko sortu zen ISA (International Surfing Association). Surfa, gondola (SUP) eta beste zenbait lerra kirol Olinpiar Jokoetara eraman ahal izateko Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aitortzen duen elkartea da, nahiz eta oraindik ere horretarako aukerarik ez den.
ISA elkartearen egoitza nagusia La Jolla hirian dago, Kalifornian (AEB), eta han ospatuko dute elkartearen 50. urteurrena. Oraindik ere ez dute data zehatza jarri, baina bere sorreratik munduko titulua eskuratu duten kirolari guztiak bildu eta dominak emateko asmoa omen dute.
ISAko lehen lehendakaria Eduardo Arena perutarra izan zen. Hain zuzen ere, berak bultzatuta antolatu zen munduko lehen surf txapelketa 1964an, Australiako Manly hondartzan.
1994etik ISAko lehendakaria den Fernando Aguerrek elkartearen helburua oraindik ere hasierako bera dela nabarmentzen du: «Duke Kahanamokuk zuen ametsa errealitate bihurtzeko lanean jarraitzen dugu. Alegia, surfa kirol olinpiar gisa onartua izan dadin. Egun 35 milioi surflari baino gehiago daude munduko ehun herrialdetan barreiatuta».
ISAk duen helburu bakarra ez da surfa Olinpiar Jokoetan onartua izatea, kirol hau zabaldu eta sustatu nahi du. Hala, horretarako eman diren eta emango diren pausuak zeintzuk diren gogoratu du Aguerrek: «ISAk eragin handia izan zuen AEBetako iparraldean surfa zabaldu eta garatzerako orduan. Europan ere lan egin izan dugu, eta azken hamarkadan Hego Amerikan surfa sustatzen aritu gara. Orain kirol hau Afrika eta Asiako herrialdeetan indartu nahi dugu».
ISA Afrikan
Fernando Aguerre ISAko lehendakariak aspaldi iragarri zuen munduko ehun herrialde elkartean biltzeko asmoa. Baliabide urriak dituzten herrialdeak erakartzeko esfortzua ere egin behar dela uste du Aguerrek, eta, hala, Afrikako zenbait herrialdek duten potentziala bultzatu asmoz aurtengoan bertan aparteko lana egiteko asmoa dutela esan du.
Nigeria eta Gambia gehitu dira jada ISA erakundeko partaide diren herrialdeen zerrendara, eta, horrenbestez, munduko herrialdekako txapelketetan parte hartu ahal izateko dute aurrerantzean. Hori bai, oraindik herrialde gehiago erakartzeko ahaleginetan jarraitzen dute.
Gambia Afrika mendebaldeko herrialde txikia da. Senegalek inguratutako uhartea dirudi. Herrialdeak 80 kilometro inguruko kostaldea du, surf egiteko baldintza egokiak eskaintzen dituena.
Gambian bada itsas kirolez arduratzen den elkarte bat, Igerilarien eta Uretako Kirolen Elkartea, hain zuzen ere. Alieu Jallow elkarte horretako lehendakaria pozarren agertu zen ISAko partaide izatearekin: «Hunkituta nago ISAko partaide izatea lortu dugulako. Badakigu hemengo herritarrek SUP eta surfaz gozatu ahal izateko baldintza bikainak dituztela, eta ISAk horretan lagun dezakeela. Bi urteren buruan mundu mailako lehiaketetan parte hartzeko moduan egon nahi genuke. Hori da gure asmoa».
Hegoalderago, baina betiere Afrika mendebaldean, Atlantikoari begira dago Nigeria ere. Hori bai, Gambiak baino askoz kostalde luzeagoa du. 800 kilometroko itsasertzean ehunka urautsi ditu Nigeriak eta surfa hazten ari da pixkanaka bertan.
1964ean «The Endless Summer» surf filmean erakutsi zituen lehenengoz Bruce Brown zuzendariak Nigeriako olatuak. Aldiz, irudietan egiazta daitekeen bezala sekulako potentziala duen herrialde bat izan arren, ez da fama handiko lekua surf munduan.
Nigerian bada surf elkarte garrantzitsu bat, hain zuzen ere, Nigeriako Surf Federazioa. Adebukola Esther Etti da bertako lehendakaria eta pozarren agertu da bera ere ISAko herrialdeen zerrendan sartzeko aukera izan dutelako. Honela mintzatu da Adebukola: «ISAko kide izateak Nigeriako surflariei hazten jarraitzeko aukera bat emango die. Gure kirola garatu eta turismoa indartzen lagun dezake».
Gauzak honela, Gambia eta Nigeriarekin jada 81 dira ISAko zerrenda osatzen duten munduko herrialdeak. Horrela jarraituz gero, gainera, urte amaierarako herrialde gehiago izango dira zerrendan.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
