Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Snapper Rocks 2014: Medina eta Gilmore nagusitu dira ASP itzuliko lehen proban

Gold Coasteko txapelketarekin munduko surf zirkuitu garrantzitsuena abian da. Snapper Rocks ez zen bere onenean izan, olatu txiki eta bihurriak izan ziren aurtengo txapelketan. Baldintza horietan Stephanie Gilmore eta Gabriel Medina izan ziren aurtengo irabazleak.

Amaitu da Quiksilver Pro Gold Coast txapelketa eta, beraz, hasi da goi mailako ASP zirkuitua, bai emakumezko bai gizonezkoentzat. Aurrerantzean munduko urautsi ezagunenetan lehian izango dira lehen mailako surflariak.

Snapper Rocks

Snapper Rocks ez da bere onenean izan aurten. Urautsi hau indarrean denean sekulako eskuin olatu biribil eta amaigabeak eskaintzen ditu, baina horretarako baldintza zehatzak behar dira, eta hori ez da sarri gertatzen.

Snapper Rocks eta Kirra artean olatu berak eremu desberdinak zeharkatzen ditu eta leku bakoitzak bere izena du. Olatuak lur hartzen duen lehen eremua Snapper Rocks da. Haitzez osatutako sakonera txikiko punta batean hasten da lehertzen eskuin olatu biribila, baina hondoan harea du.

Guztira, Snappers eta Kirra artean, mutur batetik bestera, ia bi kilometroko luzera du olatuaren ihesbideak, baina ia ezinezkoa da olatu berean ibilbide osoa egitea, zati batzuetan olatua asko azkartzen baita.

Iaz, txapelketa Kirran egin zuten, hondoak eremu hartan hobeto zeudelako, eta Kelly Slaterrek irabazi zuen. Aurten, ez da itsaski sendorik izan, olatu handienak ez ziren bi metroko altuerara iritsiko; beraz, olatua lehertzen hasten den eremuan egin zuten txapelketa, Snapper Rocks urautsian, alegia.

Baldintza bihurriak izan ziren WCT itzuliko lehen txapelketan eta horrek emaitzetan eragin nabarmena izan zuen, lehen txandetan, John John Florence edo Jordy Smith bezalako puntako lehiakideak kaleratuak izan baitziren.

Brasildarrak nagusi

Finalerdietan, brasildar eta australiarrak aurrez aurre aritu ziren, bai uretan, baita hondartzako ikusleen artean ere. Jarraitzaileak ere bi multzotan banatuta zeuden, batetik, Jordy Smith eta Taj Burrow australiarrei babesa ematera itsasertzera gerturatutakoak, eta, bestetik, Gabriel Medina eta Adriano de Souza brasildarren aldekoak zeuden.

Gabriel Medinak kanporatu zuen Taj Burrow, baina oso gutxigatik, o,o3 puntu baino ez zizkion atera australiar aurkariari. Medinak hartutako bi olatu hoberenak 9,90 eta 7,23 puntukoak izan ziren; alegia, guztira 14,13 puntu bildu zituen. Burrowek egin zuen olatu onena, 7,77 puntukoa. Bere bigarren olatu onenak, ordea, 6,33 puntu baino ez zituen jaso; beraz, guztira 14,10 puntu bildu zituen eta ezin izan zuen finalera pasa.

Joel Parkinson eta Adriano de Souzaren arteko txanda askoz ere garbiagoa izan zen. Parkinsonek tubo bikain bat egin ahal izan zuen eta 9,93 puntu eman zizkioten epaileek. Guztira, bi olatu onenen batuketarekin Parkinsonek 18,70 puntu bildu zituen. De Souzak, berriz, 9,67 puntu baino ez zituen eskuratu; hortaz, australiarrak brasildarra birrindu zuen finalerdietan.

Finalean, ostera, Medina eta Burrowen arteko txandan gertatutakoa errepikatu zen. Australiarrak egin zuen olaturik onena, 9 puntukoa, baina bi olatu onenen batuketarekin Medinak irabazi zuen. Guztira, Medinak 16,33 puntu bildu zituen eta Parkinsonek, berriz, 16,27; hala, 0,06 puntuko aldeagatik irabazi zuen brasildarrak.

Gilmore berriz

Emakumezkoen artean ere lehia bizia izan zen, baina emaitzetan ez ziren gizonezkoak bezain justu ibili. Stephanie Gilmore, bost bider munduko txapelduna, bikain aritu zen eta nagusi izan zen txapelketa osoan zehar.

Finalerdietan bi bider munduko txapeldun Carissa Moore hawaiiarra kanporatu zuen Gilmorek, eta 9 puntu jaso zituen olatu bat ere egin zuen. Lasai iritsi zen finalera, beraz. Txapelketako azken txandan, berriz, 8,80 puntuko olatu bat egin zuen eta 7 puntuko bigarren olatu batekin, guztira 15,80 puntu biltzea lortu zuen.

Finalean Gilmorek aurkari zuen Bianca Buitendag hegoafrikarra ere bikain aritu zen, baina guztira 10,47 puntu baino ez zituen lortu; beraz, australiarrak alde handiz irabazi zuen Gold Coasteko txapela.

«Aspaldian ez nuen sentimendu hau izan», esan zuen Gilmorek, «Munduko gauza ederrena da zure lagunak eta familia urertzean zu babesten egon ostean beraientzat txapela irabaztea».

Pauline eta Aritz

Bi dira lehen mailan lehian ari diren euskal herritarrak. Mutiletan Aritz Aranburu berriz ere WCT zirkuituan da, eta nesketan Pauline Ado hendaiarra da ASPko itzulian den lehiakidea. Aritz 2008. eta 2009. urteetan ere goi mailan izan zen, eta Paulinek aurtengoarekin laugarren urtea du munduko surf zirkuitu garrantzitsuenean. Ez zaie, hortaz, esperientzia falta bi surflariei.

Aritzek ez zuen zorte handirik izan itzuliko lehen txapelketan. Lehen txandan kanporatua izan ostean bigarren aukera bat izan zuen, baina aurkari zinez zaila izan zuen parean, Adriano de Souza brasildarra, hain zuzen ere, eta ongi aritu arren, ez zuen txanda pasatzea lortu.

Pauline Ado finalerdietara iristeko zorian izan zen, baina Courtney Conlogue kaliforniarrak kaleratu zuen laugarren errondan. Iazkoan itzulia bederatzigarren postuan amaitu ostean, aurtengoan postu hobea lortzea duela helburu esan zuen Pauline Adok, eta lehen txapelketan laugarren errondan izatea ez da hasiera txarra.