IKUSMIRA

Ustelkerien pipiek Marie dinastiaren zutabeak janez

Michele Alliot-Marieren etxea miatuta, gero eta gehiago ari da estutzen soka Alliot dinastiaren inguruan. Donibane Lohizuneko Chantaco luxuzko hotelaren jarduera aztertzen ari da oraingo ikerketa judiziala, eta, emango dituen fruitu zehatzak gorabehera, ondo erakusten du hamarkada luzez mandatu mugarik gabe eta kargu mukuru bere gain hartuz obratu duen dinastiaren jokamoldea. Dinastia, aitak, Bernard Marie diputatu eta auzapez ohiak, hasi zuen, eta, jarraian, Michele alabak berak sendotu zuen haren zaintzapean. Estatu frantseseko RPR eskuineko alderdiaren buru izan zen Michele, baita Barne, Defentsa, Kanpo Harreman eta Justizia ministro ere. Beraz, estatu aparatuen nahi besteko ezagutza eta erabilera izan du. Gaullismoaren ordezkari, botere gosearen amorratu, bere ibilbidea beti egon da «estatu arrazoiari» estuki lotua. Nahiz eta, antza, aberastasun propiorako erabili eskura zituen baliabideak. Urruti gabe, Tunisia Ben Ali diktadorea kanporatzeko errebolta bizitzen ari zen une berean, bere hegazkin pribatuan Tunisian zen, bertako mafioso boteretsuekin eskuz esku negozio biribilak egiten.

Azken kasu horrek ekarri zuen Michelen gainbehera, eta, egun, aukera berrien zain, Donibane Lohizunera «erretiratua» zen. Nork jakin ustelkeria kasu honekin betirako erretiratuko den... Ona litzateke Euskal Herriarentzat, bizitza politikoa oxigenatzen laguntzeko txanpa polita.