Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Herrira itzultzen

«Txirrita», anaia, herrira itzuli da, lagunen artera. Familia konprometitua. Herria dugu arnas. Bizi osoak herri honen askapenaren alde

Udaberria zen, mendian zeuden, ibiltzen muga zeharkatzeko bidean. Muga, beti muga, babesa bilatzeko eremua. Lizarrieta inguruak lasaia ematen zuen, baina ezin jakin sekula zer gerta zitekeen, dena gerta zitekeelako 1976ko apirilaren 24an. Txirrita Lizartzako baserri batean sortua zen eta Ipar Euskal Herrira hurbildu zen Franco hil eta gero. Egun horretan 23 urte zituen, eguraldi oso txarra zen, gaua beltza izan zen, laino hetsia zegoen eta sasietan lo egin zuten gazteek. Goizean goiz eguna argitzen hasi zuen, lainorik ez zen gehiago, pentzea zeharkatzen hasi ziren gazteak, inguruan ihizi postuak eta pentzean belar metak zeuden. Bat-batean bi Land Rover ikusi zituzten hurbiltzen, gazteak ikusi zituzketen, muino baten gibelean gorde zituzten autoak eta lasterka jautsi ziren guardia zibilak. Alto! Pentzearen erdian zeuden gazteak, inon gordetzeko aukerarik ez; aukeran belar metak, baina oso harresi mehe eta guardi zibilek zituzten armei aurre egiteko deusik ez. Lasterka bizian abiatu ziren Sara aldera, baina tiroak hasi ziren, etengabeak, oinetatik hurbil erortzen, buruaren ondoan, ziuntan, ihesi, tranpa horretatik alde egiteko ahal bezain fite. Oihanera gordetzera, aldapan behera, inguratuak izan baino lehen. Tiroen artean lasterka, Txirrita zauritu zuten eta tiroek jarraitzen zuten.

Tiroketaren zonbait kilometrotara maiatzaren 28an azaldu zen Txirritaren gorputza, mila aldiz miatu tokian. Egunak pasa baitzituzten toki horiek miatzen, militantea atzemateko esperantzarekin, Guardia Zibilak ez baitzuen inoiz aitortu eraman zutela. Alegia, gorputza ekarri zuten toki horretara, denbora luzean nonbait atxiki baitzuten, zauritua.

Epaiketarik izan al da? Norbaitek hartuko al du hilketa horren erantzukizuna? Aste honetan Eusko Jaurlaritzak tortura kasuen aztertzeko konpromisoa hartu du. Kasu hori hor dago. Argitu gabea. Beste bat.

Txirrita dugu gogoan, beste Txirrita ezagutu dugulako, anaia, hemen Ipar Euskal Herrian. Txirrita, anaia, herrira itzuli da, lagunen artera. Familia konprometitua. Herria dugu arnas. Bizi osoak herri honen askapenaren alde.

Iheslariak itzultzen hasi dira eta harrera hunkigarriak ikusi ditugu. Irudi ederrak, emozio asko, sentimendu kolektibo azkarrak, partekatuak besarkadetan, musuetan, burasoen malkoetan, anai-arreben pozean eta belaunaldi desberdinen laguntasunean. Lekeitio, Zarautz, Amara, Irun... herri askotara itzuli dira ezagutzen ez zituzten lagun berri askoren txaloen artean. Ez die inork hori kenduko. Hori betiko da.

Denbora berean hauteskunde kanpaina da aipagaia, hautetsi abertzale kopurua emendatu baita eta horrek ondorioak izanen baititu instituzioetan, aurrekontuetan eta politikaren antolaketan. Hemengo herritarrek ez gaituzte gehiago berdin begiratuko, ez gara gutxiengo handia. Gure espazioa hedatu da. Ezagutu duguna urteetan oso gogorra izan baita; beste gero bat, independentziarena, nahi dugulako beste bideak jorratu eta martxan jarri behar ditugu. Libre izan arte.