Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Eta Kapuscinski emakume izan balitz?

Askotan gomendatu dut «Bidaiak Herodotorekin» liburua, Ryszard Kapuscinskirena. Betiere norbere mugez haragoko munduari buruzko jakin-mina, bestelako jendearen eta gertatu eta gertatzen direnen gaineko interesa sentitzen duten lagunei buruzkoa. Liburua irakurtzen hasi eta sartzen zara historiako beste garai eta leku batzuetan, sentiberatasun izugarriko beste baten barruan, haren ikuspegi eta gogoeten bidez, haren bizipenetan, historia eta kazetaritza ulertzeko era ardatz. Hasi eta gogoak ematen dizu dena utzi, motxila egin eta munduan barrena joateko, bestelako guztia eta bestelako guztiak ezagutzeko, hor zehar dagoena bertatik bertara ikusteko, ulertzeko.

Jakina, fantasia hori egia bihurtuta ere, ezingo genuke Malin, Afganistanen eta Krimean, esate baterako, aldi berean egon. Ezingo genuke non-zer osoa barneratu, fisikoki ezinezkoa delako; ezta dena behar bezala aztertu ere, hainbeste informazio xehetasunez ordenatu eta ñabardura guztiak aditzera eman, lan eta erantzukizun handiegia litzatekeelako. Beraz, munduaren berri izan nahi badugu, kazetariez fidatu beharra dugu. Gertakariak jazotzen ari diren leku eta une zehatzetan benetan lanean dabiltzan pertsona horiez, berriemaile horien ikuspuntu eta nolabaiteko galbahetik iragazitako informazioaz. Eta galbahe hori, hain zuzen, zer kontatu eta zer ez aukeratzea, nola eman aditzera, benetan inporta duena informazio guztitik nabarmentzea, hain da erabakigarria, hain da kazetariaren lanaren muina, non subjektibotasunik ez dagoela defendatzea, egiatan, absurdoa den.

Kapuscinskiren obra zabala, jeniala, ezingo zen izan erabat askea izan ez balitz, kontinente desberdinetan egin zituen bidaietan bere kasa ibiltzeari uko egin balio, askotan kamikaze lez ibili ez balitz. Irakurtzean, beti izaten dut pentsamendu bera: eta emakumea izan balitz? Arriskuak arrisku, tiroa jaso edo bahitua izan, esaterako, emakumea izate hutsagatik sexualki jazarria izateko beldur gehigarria sentitu balu, gatazka armatuetan emakumea samin eta beheramendu are handiagoak eragiteko nola erabiltzen den ikusita, bere burua egoera horretan aurkitzeko probabilitate erreala sentitu balu, joango ote zen hain urrun? Bestalde, izango zuen aukera jasotako informazio hura guztia jasotzeko, egindako elkarrizketak egiteko? Gizonezko agintari haiek guztiek, unean uneko protagonista maskulino haiek guztiek, irekiko zizkioten ateak berdin-berdin? Sexismoa esparru guztietan hedatuta duen mundu honetan, emakumeen kontrako sexu-indarkeria bestelako armen osagarri gisa erabiltzen den munduan, emakumezko kazetariek askatasun eta aukera bera dute beren lana egiteko?

Ez. Baina adore eta egiten dutenaren gaineko maitasun eta erantzukizun dosi handiarekin, egiten ari dira. Historia eta istorioak ezin baitira soilik gizonen ikusmiratik transmitituak izan. Ikuspegietan eta sentiberatasunetan kazetaritza aberasten ari dira, inolako nabarmentasun eta aitorpenik jasotzen ez duen ahalegin gehigarrian betiere. Emakumea izateagatiko mugaren eternaltasuna gero eta txikiagoa bilakatuta.