GARA

Lodosan eman ditu lehen pedalkadak Bertsokleta ekimenak

Nafarroan euskarak bizi duen egoera ezagutzera emateko, atzo hasi eta datorren ostirala bitartean Euskal Herriko zazpi herrialdeak zeharkatuko ditu Bertsokleta bizikleta martxak. «Euskaraz bizi eta ikasi» ekimenak bultzatuta, Lodosan eman zituen lehen pedalkadak Nafarroan «Vascuence-aren Legearen» ondorioz euskarak bizi duen egoera ezagutaraztea helburu duen martxak.

Zazpi egunez Euskal Herriko zazpi herrialdeak zeharkatuko dituzte, bizikleta eta bertsoa uztartuz. Zazpi bertso eskola bisitatuko dituzte eta herrialde bakoitzean bertso saio bat egingo dute, Nafarroako «hizkuntz apartheid-aren» egoeraren berri emateko.

Gaur, Markinan

Gaur Agurain eta Markina arteko ibilbidea osatuko dute, eta Bizkaiko herrian bertso saioa egingo dute Aimar Karrika, Nerea Ibarzabal, Eneko Arrate, Iban Garro, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Oskar Sanz de Acedo, Mikel Juaniz bertsolariek. Hitzordua Uhagon kulturgunean izango da arratsaldeko 19.00etan. Hurrengo etapan, Markina eta Lasarte-Oria batuko dituzte.