2014/04/24

Iñaki Zabaleta
Kanpai-jotzailea

Corpus egunaren bezpera Nurtzaio-n. Kanpai-jotzaileak, urduri, elizako kanpandorrera daraman eskailera kiribilduaren 125 mailak binaka gainditzen ditu. Goian, doi-doia du hiru kanpaiak prestatzeko eta kanpai-mihia egurrezko zutabeari lotzen dion soka tenkatzeko denbora. Kanpaietatik handienak -oinekin jotzen duena- besteak baino lan handiagoa eman dio, baina dagoeneko dena prest dago herriari Corpusaren jai handia iragartzeko.

Kanpaiak dilin-dalan hasten dira. Hasieran erritmoa geldoa da, baina poliki-poliki bizituz doa eta lehenengo mugimendua allegro-vivacen bukatzen da -une batzuetan prestora ere iristen da. Atseden txiki baten ondoren, kanpai-jotzaileak bigarren mugimenduari ekiten dio adagio tempoan; lehen bezala, erritmoa poliki-poliki bizituz doa, eta allegro ozen batekin amaitzen du, zeinak dorrearen paretak burrunbarazten baititu.

Alabaina, kanpai-jotzailea triste dago: ez ditu gehiago joko herriko kanpaiak, mekanismo elektriko batez ordeztu baitute. Kanpaiak ere triste daude; kanpai-mihia, berdin. Dorreko maizterra ez da gehiago bertara igoko bizitzari lotzen dion soka tenkatzera. Zilbor-hestea moztu diote, egurrezko zutabera lotzen zuena. Izan ere, sistema berriak kanpaia azalean mailukatzen du, eta mailuak jotzen duen bakoitzean hura zauritu egiten du; zauri horien islak Nurtzaion barna hedatzen dira, eta goibeltasuna bailara osora hedatzen da.

Kanpai-jotzailea Nurtzaioko bailara zeharkatzen duen ibaiaren ertzean eseri da, udaberriko soinuei adi; txantxangorri, tarin eta karnaben alaitasunez blaitutako doinuek, uraren etengabeko marmarra lagun dutela, izadiaren melodia interpretatzen dute. Melodia horrek berak inspiratu zion Beethoven-i «Pastoral», Edward Grieg-i «Peer Gynt» edo Smetana-ri «Moldava» obra. Bitartean, bidegorrian jendea oinez zein bizikletan dabil, entzungailuak belarrietan, udaberriak eskaintzen dituen soinu ederrei sorgor.

Kanpaien antzera, Nurtzaion zerbait hiltzen ari da: giza sentiberatasuna aldatu egin da. Dena den, nik, kanpai-jotzaileak bezala, garai iragana nahiago.