Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Lidergo ekonomikoak

Ezkerreko sektore independentistek elkarlana indartu behar duten bezala, izaera ezberdineko eragile ekonomikoen arteko harremana eta eztabaida garatu behar da

Pasa den larunbatean Ipar Hegoa Fundazioak solasaldia antolatu zuen Uztaritzen, bertan Ipar Euskal Herriaren egituraketa politikoaren inguruan irekia den gatazkan eragile ekonomikoak eta ekonomia nola kokatzen ziren aztertu zen. Solasaldiaren edukiak sarean dira, ez naiz horretan luzatuko, baina, entzundakoaren haritik bi ideia azpimarratu nahiko nituzke, biak Euskal Herri osora orokortu daitezkeelakoan.

Lehena. Frantziaren garapen ekonomikorako ereduak erakusten duen bezala, Estatuek alor sozioekonomikoan dituzten eskumenei eutsi eta zentralizatzeko joera erakusten dute beren burujabetza eta boterearen adierazle gisa. Are gehiago, Espainiaren zein Frantziaren garapen ekonomikorako ereduak Estatuaren identitatea eta batasuna bermatzeko tresna politiko eta sinboliko bezala erabiltzen dira. Globalizazio ekonomikoak eta neoliberalismoak Estatuen erabakitze marjina eta posizio politikoari erasotzen diote eta Estatuek berrantolatze prozesu honetan ez dute euskal komunitatearen garapen sozial eta ekonomiko orekatua helburu inoiz hartuko.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du beraz, komunitate gisa bere osotasunean. Honek komunitate gisa sozialki, politikoki eta ekonomikoki kohesionatuko gaituen prozesu politikoa eskatzen du, demokratikoki erabakia eta baldintza demokratikoetan garatuko dena. Prozesu hau da euskal langileria bultzatu, behartu eta lideratzen saiatu behar dena. Norabide horretan, ideologiaren alorra edo ideien eremua esparru garrantzitsua da klase ikuspegitik. Trantsizio politiko eta ekonomikoa irekia da, bere norabidea eta ezaugarriak dira borroka esparrua. Erabakitzeko eskubidea eta subjektu politikoa eztabaida mahaian daude jada. Langile klaseak garaipen historikoa bereganatuko luke trantsizio honen balioen artean kooperazioa, elkartasuna, parte-hartzea, kohesio eta justizia soziala bezalako ezaugarriak nagusitzea lortuko balu. Hau da, garaipen historikoa litzateke euskal gehien- goak onartuko balu, Euskal Herriak erabaki behar dituen garapen eta jendarte ereduek, demokratikoak izatekotan, bitarteko eta erabaki ekonomikoen kontrol publiko eta soziala ziurtatu behar dituztela.

Esan bezala hauek guztiak borrokatzeko eta irabazteko ezaugarriak dira eta arerio handia dugu aurrean. Kezka honek lotura zuzena du solasalditik ateratako bigarren irakaspenarekin. Bertan bildutako sentsibilitate abertzaleko eragile ekonomiko ezberdinek oinarrizko diagnostikoa partekatzen zuten: Ipar Euskal Herriak berezko ezaugarri ekonomiko eta kulturalak izanik, estrategia eta politika ekonomikoa garatzeko bitartekoak eta ahalmenak behar ditu. Diagnostiko honen kontundentziak ez du egituratze eta ahalmentze prozesua bultzatuko duen herri estrategia sozioekonomikorako konpromiso sendorik ekarri. Gabezia bera Euskal Herrira orokortu genezake. Ezkerreko sektore independentistek elkarlana indartu behar duten bezala, izaera ezberdineko eragile ekonomikoen arteko harremana eta eztabaida garatu behar da. Euskal Herria egituratzeko bidean elkarlan honi dagokion lidergoaz eta erantzukizunaz jabetuz.