Andoni Arabaolaza
Kazetaria
KOLABORAZIOAK

Hernani Rugby Taldea: eredu baten arrakasta

Garaia da eliteko kirolaren beste eredu egokiago eta justuago bat aldarrikatzeko eta bultzatzeko. Irabaztea ondo dago, baina ez edozein preziotan

Errugbian Ohorezko A Mailako liga amaitu berri da. Bueno, zehaztu behar dugu liga erregularra amaitu dela, oraindik jaitsierako postu bat zein ligaren irabazlearen postua jokatzen ari baitira. Espainiako liga horretan, elitekoa alegia, lau euskal ordezkarietako bat Hernani dugu. Hamabi taldetatik hamargarren postua sinatu du. Baten batek pentsa dezake larri ibili dela; bada, ez da horrela gertatu. Hernaniarrek bi urte daramatzate Ohorezko A Mailan eta iaz, adibidez, jaitsierako lehia horretan murgilduta izan ziren. Baina aurten, bi partidaren faltan, hurrengo denboraldirako txartela poltsikoan zuen.

Beste batzuek adieraz dezakete Hernanik oso postu kaskarra erdietsi duela. Horretan ere uste dut oker daudela. Bueno, agian, eliteko kirola eredu kapitalista batetik aztertzen duenak, bai, ziur aski arrazoia izango du. Aurpegiratuko digu beste eliteko kirol batzuetan bezala, non profesionalen merkatua eta dirutza- ren boterea edozein etikatik erabat aldendu diren, errugbian ere «oihanaren legea» indarrean dela, eta gustatu ala ez, hori dela dagoena.

Baina eliteko kirolaren beste eredu bat aldarrikatzen dugunok, non kapitalaren botereak ez lukeen batere indarrik izan behar, uste dugu Hernanik aurtengo denboraldian lortu duen hamargarren postu hori arrakastatsua dela. Arrakasta letra larriez. Inolako zalantzarik gabe, lorpen hori testuinguru jakin batean jarri behar dugu. Ohorezko A mailan 12 talde lehiatu dira, eta guztiak ala guztiak, Hernanikoa izan ezik, profesionalez osatu dira. Eta profesionalak (substantiboa) diogunean, argitu behar dugu talde horietako guztietako jokalari askok eta askok, beren lanagatik, diru bat kobratu dutela. Hori egin ez duten bakarrak jokalari hernaniarrak dira. Alabaina, beraien izaera herrikoitik bultza egiten, benetako profesionalak (adjektiboa) izan dira. Profesionaltasun osoa erakutsi dute kobratzen duten beste profesional batzuei aurre eginez. Eta eliteko kirolari buruz pixka bat dakienak jakin badaki zeri buruz ari garen.

Beste eliteko kirol batzuetan, kazetariek zein zaleek beti gogoratzen digute talde «handi» batek «txiki» bati markagailuan astindu ederra ematen dionean, ze alde dagoen aurrekontu ditxosoekin. Azken ideiari tira eginez, argi geratuko litzateke hernaniarren hamargarren postu hori arrakastatsua izan dela. Jokalariek ez kobratzeaz gain, Hernaniko Rugby Elkartearen aurrekontua beste errealitate batean kokatu behar dugu.

Uste dut garaia dela eliteko kirolaren beste eredu egokiagoa eta justuago bat aldarrikatzeko eta bultzatzeko. Irabaztea ondo dago, baina ez edozein preziotan. Hernaniarrek duten filosofiak argi erakusten digu, momentu batzuetan larri eta beste batzuetan ez, elitean lehiakor izan gaitezkeela soilik etxeko jokalariekin. Eta, hain zuzen ere, Hernanik hori bultzatzen du eta seniorrak elitera eramatera lortu du. Gainera, era duin batez. Eta galdu eta mailaz jaisten dela? Bada, arazorik ez. Berriro lanean jarri eta elitera itzultzeko bitarteko egokiak bultzatu. Hori ere Hernani Rugby Elkarteak argi eta garbi du.

Ez legoke batere gaizki kirol arloan lanean diren Gipuzkoako zein EAEko erakundeek, minutu soil batzuez, talde hernaniarraren ereduari begira diezaiotela, haren inguruan hausnar dezatela eta Rugby Elkarteari egiten ari den lana aitor diezaiotela.

Bide batez, amaiera bidean, euskal erakundeei gogorarazi nahi diet ere etxeko jokalariekin osatutako talde horretan, Hernanikoan, jokalari guztiak euskal hiztunak direla, hots euskaldunak, eta euskara dutela entrenamenduetako hizkuntza. Bigarren arrakasta hernaniarrentzat.