Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Ordezkariak

Badira hamar bat urte Carlos Iturgaiz joan zela con la música a otra parte. Kostatuko zitzaigun haren hitz jario dotorea ahaztea. Haren atzetik, baina beste bide batzuetan zehar, joan ziren Maria San Gil, Euskadiko, Espainiako eta munduko presidente izan gabe, eta Antonio Basagoiti, hura ere etorri handikoa, bere graziaz gabetu gintuena. Iturgaiz bisitan etorri zitzaigun hauteskunde kanpainan, baina trabatuta geratu da, eta ez dago argi Europara margolari itzultzerik izango duen. Botoek ez dute eramango, baina Miguel Arias Cañete -bere nagusitasun intelektuala dela-eta, bi potrorekin- Europako Batzordeko kide izendatuko balute, Iturgaiz bere margolanetara itzuliko litzateke.

Egingo nuke Iturgaizek uste duela sistemak ez duela funtzionatzen. Hauteskundeak demokraziaren jabeen zerbitzuko alderdiak irabazteko direla, bestela ez dutela balio. Eta horregatik, horrelako okerrak zuzentzen dituzten bitartean, behinik behin, Carlos Urquijo ezinbestekoa dela, oker hautatutako ordezkarien erabaki okerrak zuzentzeko.

Nik neuk ere uste dut Urquijo beharrezkoa dela, edo gutxienez komenigarria. Eta ez zait egokia iruditzen oraindik orain Madrilgo Kongresuan edo laster Arabako Batzar Nagusietan ordezkari espainiar hori bere kargutik kentzeko mozioak aurkeztea. Nik independentzia nahi dut, eta Espainiaren ordezkari bakarra enbaxadorea izatea. Bitartean, Urquijo ordezkaririk onena da, nire iritzian.

Aste honetan, Gipuzkoako Aldundia auzitara eraman du, Gure Esku Dago dinamikari diru laguntza emateagatik. Ez da egia, ordea, diputazio horrek diru publikoa independentzia sustatzeko erabili duenik, Gure Esku Dago-k ez baitu independentzia aldarrikatzen, herritarrei galdetzea baizik. Nik bai, esandako moduan, independentzia, sezesioa, banantzea... sustatzen dut, beste askok bezala. Eta Urquijok ere bai. Honek bai, diru publikoarekin.

Ez dirudi Urquijo kenduko dutenik, zorionez, eta kenduko balute, Rosa Diezek baino ez luke haren maila emango. Atzo bertan erakutsi zuen, Gasteizko Legebiltzarrak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu izana Auzitegi Konstituzionalak atzera botatzeko eskatuta. Azken batean, hauteskundeak formalitate hutsa dira. Zer margotzen dute-eta legebiltzarrek?