Ariane Kamio
Kazetaria
TXOKOTIK

Zebra-bideak eta hankak paratzeko alternatibak

Zebra-bidea pasatzen irakatsi ziguten. Errepidea gurutzatzeko gizalegezko aukera bakarra izan zen hura gure haurtzaroan. Semaforoarekin edo gabe, bi aldeetara begiratzeko badaezpada, zetorkigunaren aurrean adi egoteko.

Jolas moduan bazen ere, zebra-bide haien gainean hankak paratzeko alternatibak bilatu genituen. Soilik marra zurien gainetik, bakarrik lerro beltzetatik, gurutzatu bost pausotan...

Egia da. Izan ere, alternatibaren arokoak gara gu. Musika alternatiboarenekoak, tribu urbanoenekoak, goi mailako solasaldienekoak, arte garaikidearenekoak, abangoardiaren arokoak.

Tradizioaren parteko forma askotan. Betikoaren askatzaile autoizendatuak, modernismoaren eta berritasunaren izenean egin diren atzerakoikerien aroko lekuko zuzenak gara.

Zuria maite den garaikoak gara, indibidualismoaren urrezko arokoak. Spa-ren denborakoak, estresak jota eri den artaldekoak. Whatsapplariak, aurrez aurreko harremanetarako gero eta ezgaituagoak, tontoagoak. Bugaboo gurasoak gara. Konjuntatutako koloreetakoa. Beixak, arrosak edo urdinak. Semearen eta alabaren bila goazenetakoak. Bikotetxoa nahi dugunak. Heteropatriarkatuaren oinordeko garaikideak.

Ortzadarraren banderaren eledun hustuak. Gay eta lesbianen lagun hitz-jariotsuak. Ez hainbeste transexualenak. Gure seme-alaben mugarriak. Kolore bakarrekoak. Gure alternatibaren alternorik eza. Garaikidetasunaren beste aldeko pareta. Tradizioaren arima. Zebra-bidearen marra zuri-beltzak. Jauzirik gabeak. Pauso motelekoak. Atzerakoiak. Aldebakarrekoak.