UDATE BETE | Ibilaldi proposamena

Etxe inguruko altxorrei balioa emateko bidaiatxoa

Berrizko Andikoa auzoan abiatu du ibilaldia eta Trabakuan amaitu. Bidean berezi zaizkion leku eta txokoak zapaldu eta dastatu ditu. Inor bisitan etorriko balitzaio etxearen bueltakoak erakustea proposatu du. «Berriz autobidetik ikusten den herrigunea dela uste du jendeak, baina hortik kanpo bisitatzea merezi duen auzoak daude; bisitariei herri honen beste irudi bat ematen dietenak eta geure geureak direnak». Hain estimatua duen Oiz mendian gora egitea eta Muniozguren baserrian bazkaltzea, planaren beste osagaiak.

Hazten ikusi duen Berrizko Andikoa auzoan abiatu du bere ibilaldia, horrenbeste alditan hitzorduak egin dituen bertako baselizaren paretik, hain zuzen ere. «Barnean dagoenagatik ez horrenbeste, baina baselizaren parean umetan jolas ugari egindakoak gara eta hitzorduetarako behin baino gehiagotan erabili dugun tokia da», aipatu du Miren Amurizak.

Bidean behera, Garain hurrengo hitzordua. Durangaldeko herri txiki honetan, bakez arnasteko aukera paregabea du bisitariak eta inguruaren ikuspegi ezin ederragoaz gozatzeko aukera, Anboto pare-parean hartuta. Bista horiek galdu gabe, hamaiketakoa; Garaiko herriko tabernan bertan. Ez du hamaiketako zehatzik aukeratzen, segun eta zein ordu den edozer mokadu delako aproposa bere iritzian.

Indarrak hartuta pausoka-pausoka Oiz mendiaren magaletatik gora. «Mendia bera oso ederra denik ez nuke esango, baina tontorretik dagoen ikuspegia ederra da», kontatu du.

Oiz mendiaren istorioak

Amuriza eta inguruko askorentzat, gainera, esanahi berezia duen tontorra da. «Haurrak ginela kontatzen zizkiguten kondaira asko Oiz mendiari lotutakoak ziren; Olentzero ere bertan bizi zela esaten ziguten», aitortu du. Hortik, mendi honen inguruan sortutako «lilura».

Gailurrera iritsi aurretik, ordea, San Kristobal ermitaren bueltan dagoen zelaian geldialditxoa proposatu du. Bertara gerturatzeko egun aparta da uztailaren 10a, San Kristobal eguna izaki, bertan erromeria ospatzen dutelako urtero.

Ibilaldiaren nekeak lasaitzeko eta gailurrak eskaintzen duen erakusleihoaz gozatzeko Oiz mendiaren tontorrean denbora tartetxo bat emanda, Trabakua alderantz jaistea; «alde batetik igo eta bestetik jaitsi, beraz».

Bidean, ordea, berriz ere indarrak hartzeko proposamena luzatu du, bisitarientzat maiz egiten duten ibilalditik kanpo geratzen dena. Muniozguren baserria aipatu du. «Ez da jatetxe bat, baina jangela du eta enkarguz jatekoa ematen dute», aipatu du.

Garaian garaikoa

Jaki goxoak prestatzen dituzte bertan, baina garaian egonez gero Amurizak ez du zalantzarik egiten, bildotsa eskatuko luke. «Hala jan izan dut joan izan naizen bakoitzean», zehaztu du. Bertatik Trabakuara, etxera bidean jartzeko berriz ere.

Urrutira joan gabe osatu nahi izan du ibilbidea, gertu beste hainbat leku ikusgarri badirela onartu duen arren. Anbotoren buelta esaterako, baina Berriz eta inguruak ezagutzera emateko aukera aprobetxatu nahi izan du bertsolariak. «Berriz autobidetik ikusten den herrigunea dela uste du jendeak, baina hortik kanpo bisitatzea merezi duen auzoak eta lekuak daude, bisitariei herri honen bestelako irudia eskaintzen dietenak eta geure geureak direnak; nork berea defendatu behar du», kontatu du barrez Amurizak; nola bestela.

Fitxa

BISITAN

Garai herrira bisita eta Oiz mendiaren gailurrera igotzea proposatu ditu bere ibilaldian; bi lekuetatik bista paregabeak daudela aipatu du.

JATEKO

Berez jatetxea ez den arren, Muniozguren baserrian jatekoa ematen dute enkarguz. Garaian joan beharra dago, noski, baina bildotsa gomendatu du.