Aurtengo uzta, inoizko oparoena
Gobernu espainol eta frantsesak ez dute urratsik egin, are gehiago, ahal izan dituzten oztopo guztiak ere jarri dituzte. Nolanahi ere, iazko uztailaren 7tik sanfermin hauetara 142 euskal preso aske geratu dira.

Horietatik asko eta asko Berriozarren elkartu ziren atzo, urtero sanferminen testuinguruan egiten den herri bazkarian. Horien artean, nola ez, Estrasburgoko Auzitegiaren aginduz askatu zituzten lagunak zeuden, guztira 200 urte baino gehiago kartzelan legearen kontra eduki zituzten horiek, hain zuzen ere.
Eta horixe zen atzo lagunartean komentatzen zen auzietako bat: alde batetik, urtebetean 142 preso gutxiago asko direla; beste aldetik, oso kontuan hartu behar dela aurten atera diren horietatik askok kondena izugarri luzeak bete dituztela, oso baldintza gogorretan, gainera. Atzo, askatasunaren argazkiaren atzean, pixka bat sakonago begiratuz gero, sufrimenduaz eta mendekuaz mintzo den argazkia ere ikus zitekeen.
Nolanahi ere, askatasuna ospatzeko eguna zen, aspaldi ikusi gabeko kideak agurtzeko unea, oso baldintza eta egoera desberdinetan partekatutakoa gogoratzeko unea. Horretxegatik, etengabe mahairik mahai jendea agurtzen eta besarkatzen ikus zitekeen, pozaren pozez.
Ekitaldian, jakina, lehenik eta behin falta direnak gogoan izan zituzten. Izan ere, aurreko urteekin konparatuz aurten asko libre geratu badira ere, franko baitira oraindik festak ziegetatik bizi dituzten presoak. Ekitaldia horiei agur egiten hasi zen. Gaixo dauden presoen egoera azpimarratu zuten ostean, taularen gainean zegoen pankartak argi esaten zuen bezala, «etxean eta bizirik» nahi ditugu-eta.
Herria dugu arnas
Preso ohiak taulara banan-banan igotzen joan ziren eta guztiei festetako zapi gorria jarri zieten, bertan bildu ziren ehunka lagunen txaloen artean. Erbestetik itzuli diren hainbat lagun ere bildu ziren ondoren.
Herri honen historia biziaren parte handi bat bildu zen Berriozarren metro karratu eskas horietan, herri honetan azken hamarkadetan gertatu denaren testigantza paregabea. Belaunaldi desberdinetakoak, jatorri eta esperientzia desberdinak izan dituzten pertsonak dira. Aldi berean, kausa eta xede komunetatik abiatuz, beren bizipenak idazteko dagoen kontakizunaren parte zentrala dira.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
