Jon LEUNDA
TRONTZA | Nafarroako finalak

Iazko txapeldunak aurten ere onenak izan dira

Barberena anaiek gogor lan egin behar izan zuten mutilen lehia irabazi ahal izateko. Sorondok eta Garciak errazagoa izan zuten emakumezkoen mailan.

Barberena anaiek eta Sorondok eta Garciak irabazi zituzten atzo Iruñean jokatu ziren Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen trontza txapelketak. Iaz ere beraiek lortu zuten garaipena eta aurten ere ez dute huts egin.

Bietan estuena eta politena mutilen finala izan zen, aurreneko bi sailkatuen artean alde oso txikia izan baitzen. Bikote bakoitzak hamalau epai eman behar izan zizkion etzaniko kana-erdiko enborrari, eta beste lau, zutikakoari.

Barberena anaiak ziren faboritoak, baina bazekiten lan ona egin beharko zutela Kañamares III.a eta Eugi mendean hartzeko, eta horrelaxe izan zen. Gakoa zutikako enborrean etorri zen, hortxe atera baitzuten txapeldunek aldea. Euren eskarmentua agerian jarri zuten, eta hor lortutako zulo horri eusteko gai izan ziren. Amaieran 28 segundoko alde besterik ez zen egon, eta zaleek eskertuko zuten, oso final ederra eskaini baitzuten lehen bi sailkatuek.

Horien atzetik, eta podiuma osatuz, Kañamares lehengusuak sailkatu ziren. 18 urteko bi gazte hauek gorakada handia egin dute. Lehen bi postuetatik aparte ibili ziren, eta hirugarren postu horretarako borroka handia izan zuten Pikabea anaiekin. Azken hauek oso beteranoak dira, baina beraien eskarmentua ez zen izan gazteen freskotasuna menderatzeko gai.

Azkenak Cano eta Maiza sailkatu ziren. Azken urte hauetan behera egin dute nabarmen, eta atzo azken lekuan geratzeaz gain, Lehen Maila galduko dute.

Emakumezkoetan ez zen horrelako emoziorik izan, Sorondok eta Garciak hasieratik bukaerara mendean hartu baitzituzten gainerako bikoteak. Hemen, bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkioten 45 ontzako enborrari.

Hasieratik hartu zuten aurrea Sorondok eta Garciak, eta hasieran Iraizoz ahizpak eurei jarraitzen saiatu baldin baziren ere, apurka-apurka txapeldunek aldea atera zuten, eta amaieran 45 segundoko zuloa geratu zen lehen bi sailkatuen artean. Horien aldean atzean geratu ziren Nuñez eta Lopez.

Atzokoa zen sanfermin hauetako txapelketarik garrantzitsuenetakoa, baina asteburuan ere izango dira garrantzi handiko beste batzuk. Hala ere, beste batzuk ere jokatuko dira datozen egun hauetan, egunero izango baitira herri kirol jaialdiak Iruñeko Foruen plazan.

Gaur, Nafarroako ingude-altxatzeko finalak jokatuko dira, bai mutil bai nesketan eta, gainera, motozerra sariketa ere izango da. Ingudearekin, Urrutia, Izuzkiza, Martin eta Zugarrondo arituko dira, 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdian. Nesketan, Ariztegi ahizpak lehiatuko dira minutu eta erdian, baina 9 kilokoarekin. Motozerrarekin, Mariñelarena, Arruti eta Salvador neurtuko dira, eta proba ezberdinak egin beharko dituzte saioan zehar.

Etzi Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da, eta Etxeberria II.a, Mielanjel Etxeberria, Kañamares IV.a, Pikabea, Indakoetxea, Telletxea, Garcia eta Elizondo neurtuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko ebaki beharko ditu saioan zehar.

Etzi, berriz, kadete mailako Nafarroako trontzako finala jokatuko da. Basabe eta Joao, Jaka eta Galartza, Irigoien eta Galarregi eta Irigoien eta Aleman bikoteak lehiatuko dira. Bikote bakoitzak hamar epai eman beharko dizkio etzaniko 100 zentimetroko enborrari.