Jeffreys Bay 2014: Hasi da ikuskizuna Hegoafrikako eskuin olatu luze eta ederretan
Itsaski sendoen garaia da Hegoafrikan. Mr Pro Ballito txapelketa amaitu ostean, Jeffreys Bayn dira munduko surflari onenak. Lehia puri-purian dago, WCT itzuliko seigarren txapelketaren ostean azken txanpan sartuko baita zirkuitua; beraz, ikuskizuna ziurtatua dago.

Hasi da zirkuitu mundialean egiten den txapelketa interesgarrienetako bat: Jeffreys Bay olatu mitikoan egiten dena, alegia. Hasi da ikuskizuna, beraz. Bi urtez bertan egiten zen txapelketa eten ostean, berriz ere itzuli dira WCTko 34 lehiakideak Hegoafrikako txoko eder honetara.
Ekainetik abuztura itsasaldi franko izaten da Hegoafrikan, horregatik egiten dira txapelketa garrantzitsuenak uztailean. Bi dira sasoi honetan Hegoafrikan egiten dituzten txapelketa ezagunak. Batetik, Billabong Pro Jeffreys Bay, eta, bestetik, Mr Price Pro Ballito.
Hegoafrikan egon arren, Jeffreys Bay baino iparralderago dago Ballito, Durban hiriburutik nahiko gertu, Afrikaren hego-ekialdean. Beraz, ura Jeffreys Bayn baino beroago dago, eta, hala, itsaskien sarrera ere urriagoa da; hala ere, olatu bikainak dituen eremua da.
1966an egin zuten bertan Hegoafrikako lehen txapelketa ofiziala, eta ordutik urtez urte egin den lehiaketa da. 1969. urtean, Gungston 500 izena hartu zuen txapelketak, zigarro marka hori bilakatu baitzen lehiaketaren babesle. Txapelketaren izen onak eta ematen zituzten sariek surflari asko erakarri zituzten parte hartzera.
Egun Balliton egiten den txapelketa PRIME kategoriakoa da -alegia, WCT zirkuitua kenduta, izan daitekeen WQSko txapelketa maila altuena-; beraz, mundu osoko lehiakideak bakarrik ez, munduko lehiakide onenak erakartzen dituen txapelketa da.
Aurtengoan, uztaileko lehen astean egin zen Mr Price Pro Ballito 2014 txapelketa eta Timmy Reyes estatubatuarrak irabazi zuen, bi metroko olatuetan egin zen final bikain batean Matt Wilkinson australiarra garaitu ostean.
Jeffreys Bay, berriz, leku mitikoa da. Bertako olatu bikainek ikuskizun ezin hobea ziurtatzen dute, munduko eskuin olatu luzeenetako bat baita, edozein motatako ariketak egiteko aukera ematen duena, izan ere, sekzio azkar eta borobilak olatua etzanagoa bihurtzen den eremuekin partekatzen ditu.
1963an, «The endles summer» lehen surf pelikula arrakastatsua filmatzen ari zirela, «topatu» zuten leku hau, Afrikaren hegoaldean dagoen lurmutur batean. 1964an zinemetako pantailetan olatu ikaragarri haien irudiak zabaldu orduko, milaka surflariren helburu bihurtu zen J-Bay, eta, ordutik, surfaren historian izan diren gertakizun anitzen lekuko zuzena izan da.
Munduko surf lehiaketen historiara pasa diren gertakariak ere utzi ditu leku honek. Hona hemen bi adibide: 1984an Mark Occhilupo australiarra 18 urte besterik ez zituela nagusitu zen, eta, 2006an, Kelly Slater estatubatuarrak Andy Irons hawaiiarra menderatu eta zazpigarren aldiz eskuratu zuen munduko txapelketa J-Bayn.
Adituen esanetan, inoiz bizkarka J-Bay surfeatu duen munduko surflari onena Mark Occhilupo da. Australiar mitiko hau, txandetako zuzeneko esataria da aurten egiten ari diren txapelketan, eta ikusle askok ohorezko mezuak igortzen dizkiote Occhilupok olatu honetan eman izan duen ikuskizun ahantzezina goraipatuz.
Orain bi urte arte, goi mailako zirkuitua osatzen duten leku finkoetako bat zen J-Bay. 2012. eta 2013. urteetan ordea, ez zen WCT mailako txapelketarik izan bertan. Aurten, berriz itzuli dira munduko 34 lehiakide hoberenak eta haiekin, itzelezko ikuskizuna ere iritsi da.
Hamaika txapelketez osatutako munduko zirkuituan seigarren txapelketa da aste honetan J-Bayn egiten ari direna. Gabriel Medina brasildarra buru den rankingak zer-nolako norabidea hartuko duen zehaztuko da txapelketa honen ostean; beraz, inflexio puntu moduko bat da munduko WCT itzulian.
J-Bayn egin ziren azken bi txapelketak (2010. eta 2011. urteetan) Jordy Smithek irabazi zituen, eta aurten ere faboritoa da, bertakoa baita.
Txapelketa pasa den uztailaren 10ean hasi zen eta parte hartzen ari den Aritz Aranburu zarauztarrak hasiera ezin hobea eman zion, lehen txandan puntuazio altuko olatuak egin eta zuzenean hirugarren errondara aise pasatzea lortu baitzuen.
Esan bezala, aste honetan bertan jakingo dugu J-Bayko txapelketa mitikoa nork irabazi duen. Edonola ere, ikustea merezi duen txapelketa da Jeffreys Baykoa; beraz, adi egongo gara.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
