Peio Ospital Lapurdi Irratira itzuliko da, iragan astean kanporatua izan ostean
Peio Ospital Lapurdi kristau irratiko esatari eta kantari ezagunari iragan den astean ukatu zioten irratiaren lokaletarako sarrera, «konfiantzarik ezagatik», eta, Kazeta.eus atariak jakinarazi duenez, ostiralean bi aldeek egindako bilkuraren ostean, «bere kolaborazioak grabatzeko aski den toki batera» joateko baimena eman diote.
Uztailaren 16an Alexandre Aguerre kantari eta esatariaren etxean izan zen, Olivier Drape elizbarrutiko Informazio eta Komunikazio arduradunak igorrita. «Lapurdi Irratian ez zara ongi etorria» erran zion Aguerrek eta lokaleko gakoak bueltatzea galdegin zion. Horren ondorioz, Peio Ospitalek gutun bat igorri zien lagun eta ezagunei, egoera honen berri zuzenean eta gaizki-ulerturik gabe zabal zitezen.
Kantari eta esatariak kultur munduko eta euskal gizarteko jende anitzen sostengua bildu zuen. Ostiralean bilkura bat izan zuen Olivier Drape informazio arduradun eta Lapurdi Irratiko Alexandre Aguerre eta Xalbat Berterretxerekin, eta agiri bat kaleratu dute elkarrekin.
Agirian azaltzen denaren arabera, Ospitali bere kolaborazioak grabatzeko aski den toki batera joatea utzi zioten, baina ez bigarren solairuko gune komunetara; delibero hori kantariak sortu zuen «konfiantzarik ezagatik» hartu zutela erran zuten. Egoera horretara eraman zuten salaketek oinarririk ez zutela ebatzita, debekua kentzea deliberatu dute. Hala ere, Marc Aillet Baionako apezpikuari loturiko gaia jorratzeko -hark eman zuen esataria Lapurdi Irratitik kanporatzeko agindua, bere ekintzek deabruan sinesten duela adierazten diotela argudiatuz- hainbat giristinok bilkura egin zuten atzo arratsean.
Ostiraleko bilkuran komunikazio «zuzenagoa» hobe izanen zela adostu zuten, horrekin hedabideetan atera diren informazioak saihesten ahalko zirela-eta.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
