Roger Idiart idazle eta apaiza omentzeko Zuberoako eta Lapurdiko artistak bilduko dira

«Ikusgarri hau egina da Rogeren oroimenean, baina bereziki bere ondarearen inguruan ariko gara dantzari eta kantariak. Zinez ezagunak diren bere kantuetarik anitz eta sorkuntza zenbait ere izanen dira», azaldu du bertan parte hartzen duen Niko Etxartek. Roger Idiart omentzeko 140 artista ariko dira Azkainen. Kantua, dantza, musika eta irudiak elkartuko dira «Roger Idiart gurekin» ikuskizunean.
Omenaldian bilduko den aniztasuna Idiartek berak bere bizitzan erakutsi zuenaren erakuslea besterik ez da; izan ere, gizon polifazetikoa izan zen. Apaiza izateaz gain, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua ere izan zen. Bertsolaria, kantu egilea, pastoral idazlea eta antzerki zuzendaria izan zen, baita euskaltzain urgazlea ere.
«Parte hartu dugu ikusgarri honetan Roger Idiartek lan handia egin zuelako euskararen alde eta euskaltasunari begira. Biziki inportantea da gure arbasoek utzitako ondarea erabiltzea gaurkotasunean eta horrelako pertsonez oroitzea», azaldu du ikusgarrian parte hartzen duen Etorkizuna dantza taldeko Peio Labeyriek.
Azkaindarra ezaguna egin zen Zuberoara igorria izan zelarik bertako gizartearekin eta kulturarekin bat egitea lortu zuelako. Horrela azaldu zuen Niko Etxartek haren etorrera: «Zigortua izan zen, bere hierarkiak Lapurditik Zuberoara bota zuen. Horrela gazte-gaztea nintzelarik ezagutu nuen. Anitzetan biltzen zen gazteekin baina ez katixima egiteko, ibili ginen afixak kolatzen aberri egunetarako eta bilkura erdi-klandestinoetan».
140 artista
Zuberoan maitatua izan zen lapurtarraren lanaren itzala zein urrun ailegatu zen erakusten du omenaldi honetan parte hartuko duten artisten kopuru eta oparotasunak. Ikuskizuneko zuzendaria da Jean Bordaxagar: «Roger bada bost urte zendurik dela eta Azkainen nahi zuten egin omenaldi bat oroitarazteko, eta pentsatu genuen ikusgarria egitea bere herrian. Hor agertuko dira 140 artista, eta horiek jinen dira bai Lapurditik, bai Xiberoatik».
Kantarien artean Begiz Begi, Hinka, Hiru Soinu, Naia Robles, Michel Etchecopar, Mathieu Mendizabal, Kantiruki, Niko Etxart, Jean Bordaxar eta bere taldea, Jean-Louis Aramburu, Nicolas Urruty, Eric Alcacebe, Maddi Oyhenart, Pierre Larrandaburu edota Larrun Kanta izanen dira. Musika Kautere Sinfonia eta Evilness taldeen eskutik helduko da. Dantzari oso ezberdinak izango dira: Elirale, Azkaineko Ikasleak, Kautere balleta, Xiberoko Neskak eta Etorkizuna.
Fitxa
Tokia: Azkaineko Kiroleta kiroldegia.
Data: Abuztuak 8 eta 9, 20:30ean.
Antolatzailea: Azkaineko Herriko Etxea eta Euskal Kultur Erakundea.
Sarreren prezioa: 15 euro/ 7 euro 6 eta 12 urte artekoentzat.
Informazio gehiago: Azkaineko Turismo Bulegoan.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
