Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Hamaika galdera eta ziurtasun bat

Ez, ez dakit zer gertatuko den Katalunian hurrengo hilabeteetan. Arren, ez galdetu berriz abuztu honetan etxetik agertzean. Inork ez daki, eta baietz esaten badizuete, ez sinetsi. Beste gauza bat da norberak bere uste eta desioak nahasi eta errealitate bezala saltzen saiatzea. Norbaitek asmatuko du, halabeharrez, baina aldagai gehiegi daude oraindik inolako ziurtasunik agertzeko. Hasteko, nola eraginen du Jordi Pujolen aitorpenak prozesu independentistan? Eta CiUri lotuta agertuko diren gainerako ustelkeria kasuak?

Optimistek prozesua sakondu eta bizio autonomistekin bukatzeko aukera ikusten dute. Ezkorrek ez dute hain argi, Katalunia independentea Espainia usteldu baten alternatiba gisa saldu izan baita sarri. Independentistek ez dute beren helburua bertan behera utziko Pujolen iruzurragatik, baina irabazi beharreko zalantzatien kasuan ez dago hain garbi.

Eta egun hauetako ildoari jarraituz, Masek joan den asteazkenean onartu bezala, Madrilek azaroaren 9ko kontsulta auzitegira eraman ostean, zein agertoki irekiko da? Presidenteak behin baino gehiagotan esan du 2016ko hauteskundeak plebiszitu bihurtzea dela bere aukera. ERC-k «plebiszitarioei» buruz ez dio ezer, baina 2016ko data zalantzarik gabe baztertzen du. CUPek zuzenean errefusatzen du horrelako agertokia eta ICV-EUiAk nahikoa du independentziari buruzko barne-eztabaidarekin. Horra hor datorren hilabeteetarako gako bat: erabakitze eskubidearen aldeko alderdien ezinbesteko elkarrekintza.

Baina ez dira hor bukatzen galderak: Kontsulta legez kanpo utzita, zer eginen du ANC-k? CiUk batera jarraituko du edo Duran i Lleidak hanka eginen du? PSC-ko kritikoek behingoz alderdia utziko dute? Madrilek gerra zikinaren maila igoko du?

Bada hainbeste galderen artean, egonezina baretzen duen ziurtasun bat: hilabete eskas gelditzen da irailaren 11rako, azken urteetan bere etorkizuna erabaki nahi duen herriaren argazki gardena eskaini eta klase politikoari bidea erakutsi dion eguna. Aurten ez da gutxiago izanen.