Aimar ESNAOLA DONOSTIA
UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Abortuaren Aldeko Gipuzkoako Plataforma da aurtengo Matti

Artzain Onaren katedralaren aurrean aurkeztu dute Donostiako Piratek aurten Matti pertsonaiaren papera beteko duen elkartea. Plataformaren ordezkariak esan duenez, ilusioz hartu dute gonbita, «gure gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera gatoz» gehituta. La Flamenka gunea erabiltzeko baimena lortuta, gaur ekingo diote Aste Nagusi piratari.

Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko Matti aurkeztu zuten atzo, Artzain Ona katedralaren aurrean emandako prentsaurrekoan. Mattik «urtero ideia edo balio bat ordezkatzen» duela adierazi zuten bertan eta «Abortuaren Aldeko Gipuzkoako Plataformak beteko du pertsonaia honen papera», gaineratu zuten Piratek.

Izan ere, beren ustez, interesgarriak diren ekimen eta balioeen gainean lan egiten duten eragile, elkarte edo taldeen ordezkaria da Matti Aste Nagusi osoan, eta beraiek ere «nork bere gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa» dela uste dutelako aukeratu dute plataforma hau. «Askatasuna norbanakoarengandik» hasten delako eta «erabakiak hartzeko eskubidea oinarrizkotzat» jotzen dutelako, plataforma honek egiten duen lanarekin «guztiz bat» datozela adierazi dute.

Horrez gain, urtero festetan Piraten ordezkari Ezkila Kapitainaren pertsonaia Sardiñera kofradiari egokitu zaio aurten, eta Mattirekin batera «jaien eta balioen arteko lotura askaezinaren erakusgarri» izango direla adierazi zuten.

Abortuaren Aldeko Gipuzkoako Plataformako ordezkari Jone Arrazolak adierazi zuenez, ilusioz hartu dute aurtengo jaietan Piratek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbita. Horrekin batera, «gure gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera» datozela adierazi zuen. Gobernu espainola prestatzen ari den Gallardonen Legearen aurka lanean ari direnentzat «urte luze eta gogorra» izaten ari dela erantsi zuen Arrazolak. Plataformaren ustez, «2014az geroztik Estatu espainolean emakumeok ezin izango dugu modu aske, seguru eta doako batean abortatu», baina isilik ez direla geratuko gaineratu zuen Arrazolak hedabideen aurrean.

Emakumeen erabakitzeko askatasuna ez dutela mugatuko adierazi nahi izan zuen, «gure gorputzen gainean jakitunenak gu gara eta gure gorputzen jabe bakarrak gu geu gara».

Arazoen gaindi

Mattiren aurkezpena Lakuako Gobernuak La Flamenka gunea muntatzeko baimena eman ondoren egin dute, negoziazio eta bilera askoren ondoren lortutako «garaipena». Gauzak horrela, beste urte batez beren festen egitaraua «salbatuko» dutela adierazi zuten, nahiz eta hurrengo urterako arazo gehiago aurreikusten dituzten.

Mugimendu herritar honek prestatutako egitarauan, Berri Txarrak, Gatibu, Doctor Deseo, Esne Beltza, Zea Mays eta Glaukoma taldeen kontzertuak aurkituko ditugu, baita Donostian ohitura bihurtu diren urteroko Abordatzea eta Abordatze Txikia ere.