Surflari Ernegatua
ITSASOA

Irribarre bat Tahitik

Kelly Slaterrek honako galdera bota zuen: «Zergatik da albiste garrantzitsuagoa Paris Hiltonen atxiloketa, amerikar tropek Iraken egunero hiltzen dituzten 500 irakiarrak baino?». Kelly Slater izango dut faborito Tahitin, Gazako Surf Elkarteko kideek gehien maite duten lehiakidea delako, eta horrenbeste ezbeharren artean, agian, irribarre bat atera ahal izango dien bakarretakoa delako

Datorren astean hasiko da Txileko Arica kostaldean munduko bodyboad txapelketa. Bertako olatuak ezagun egin ziren 2007ko ekainean Rip Curl Pro Search txapelketa egin zenean. Artean, Paris Hilton modelo ezaguna zen albiste AEBetan, Los Angelesko poliziak kartzelan sartu baitzuen mozkortuta gidatzeagatik. Ordurako titulu mundiala zortzi bider eskuratua zuen Kelly Slaterrek honako galdera bota zuen Surfline webgunean: «Zergatik da notizia garrantzitsuagoa Paris Hilton errehabilitazio zentro batean hiru astean egotea, amerikar tropek Iraken egunero hiltzen dituzten 500 irakiarrak baino?».

Hori bakarrik ez, Aricako txapelketan surf taula bitxi batekin aritu zen lehian floridarra. Guantanamoko torturak eta Iraken soldadu amerikarrek egindako gehiegikeriak salatzen zituen marrazkiekin itsasoratu zen Txileko ur hotzetan Slater. Diseinua eta marrazkiak, Bruce Gilbert, bere bidaia lagun eta artistak egin zizkion.

Slaterrek, ordea, ez zuen nahi gabe hautatu Txileko txapelketa hura AEBetako Kanpo Politika salatzeko, bide batez, Ameriketako Estatu Batuek herrialde horretan egindakoa ere salatu nahi zuen. Paralelismo bat egiten zuen Slaterrek, 2001. urtean New Yorkeko dorre bikiak birrindu ostean AEBek abiatu zuten terrorismoaren kontrako gerra eta estatubatuarren tropek urteetan egin zituzten sarraskiekin. Eta hain zuzen ere, Txile hautatu zuen, bertako presidente zen Salvador Allende ere 1973ko irailaren 11n hil zutelako.

Slaterrek behin baino gehiagotan erakutsi izan du bere desadostasuna gai desberdinen inguruan, eta bere iritzia ongi artikulatu eta azaltzeko gai dela ere frogatu du. Ikasgai bikaina behar luke, kirolarekin itsuturik, apur bat harago ikusteko asmorik agertzen ez dutenentzat.

2007. urtean, «Los Angeles Time» aldizkarian Gazako surflarien inguruko artikulu bat kaleratu zen. Horren ostean, Dorian Pascowitz izeneko morroi batek proiektu bat egin zuen eta Slaterri aurkeztu zion. Horrela sortu zen «Surfing 4 Peace» erakundea eta beraiei esker, besteak beste, Gazako surflariek zenbait taula eskuratu ahal izan zituzten.

Slaterrek ez du inoiz Israelen okupazio politika salatu, ez da ur handitan sartu, baina egin dituen urratsen garrantzia aitortu behar zaiola uste dut. Nork bere buruari zer egin dezakeen galdegin behar dio, besteek zer egin behar duten esaten aritu beharrean, eta, zentzu horretan, Slaterrek lezio handia eman du.

Orain, Teahupooko txapelketa ospetsua dator; laster ikusiko ditugu WCTko lehiakideak munduko leku ederrenetako batean lehian. Ez dakit Slaterrek edo beste norbaitek Tahitiko paradisuak eskain dezakeen kontrastea aukeratuko duen Gazan gertatzen ari dena salatzeko. Poztuko nintzateke hala balitz. Edonola ere, Slater izango dut faborito, beste artikulu batean esan nuen moduan, Gazako Surf Elkarteko kideek gehien maite duten lehiakidea delako, eta horrenbeste ezbeharren artean, irribarre bat atera ahal izango dien bakarretakoa delako.