J.L.
Berezkoak

Bi bikoterik gazteenek jokatuko dute Azkaineko Torneoko final handia

Monzek eta Bilbaok eta Elgartek eta Lanbertek lortu zituzten bihar jokatuko den Azkaineko Torneoko finalerako txartelak, atzo irabazi egin baitzituzten euren finalerdiak.

Lehen finalerdian, Monzek eta Bilbaok 40 eta 30 hartu zituzten mendean Agirre eta Amulet. Atzo berez Sebastien Gonzalez zen aritzekoa, baina GARAn aurreratu genuen moduan, Azkainekoak etxeko istripua izan zuen eskuan, eta ezingo du datozen egunetan jokatu. Dena dela, Monze gazteak oso partida ona egin zuen, neurketako onena izan zen. Partida bera ere polita suertatu zen.

Lehen zatian Agirre eta Amulet aurretik ibili ziren. 10-10 berdinduta egon ostean, 11-19 eta 15-24 aurreratu ziren galtzaileak, baina neurketa 24-24 adostu zuten Monzek eta Bilbaok. Hortik aurrera beste partida bat hasi zen. Ordura arte galtzen aritu zirenek abantaila hartu zuten. 13-3ko partziala sartu zuten, eta horrekin norgehiagoka erabakita geratu zen, nahiz eta galtzaileak itxuratu ziren.

Bigarren finalerdian, Elgarrek eta Lanbertek 40 eta 28 irabazi zieten Etxeberriri eta Kurutxariri. Norgehiagoka honetan irabazleek hasieratik hartu zuten aurre. Erraz egin zuten zuloa, 14-3 jarri baitziren aurretik.

Etxeberri eta Kurutxari saiatu ziren, baina beti atzetik aritu behar izan zuten, eta azkenerako ezinezkoa egin zitzaien garaipenera gerturatzea. Elgarrek eta Lanbertek oso neurketa ona egin zuten. Biak primeran moldatu ziren, eta finala irabazteko ere faborito aterako diren itxura dute.