Izaro IZU DONOSTIA
UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Austriako suak, zezen txinpartak, eta azken trakarako, Irrikitaldia

Aste Nagusiko azken egunak aspaldiko partez eguraldia izan zuen lagun, eta jaiek utzi duten zapore ona hobetzeko lagungarri izan zen. Baina bereziki pozik Austriako Pyrovision etxekoak zeuden, lehenbiziko aldiz Donostiako su artifizialen lehiaketan parte hartu eta sari nagusia eskuratu dutelako.

Ez zen inortxo ere harritu, asteartean jaurtiriko bilduma oso txalotua izan baitzen. Bigarren Valentziako Pirofantasia etxea geratu da, eta hirugarren Madrilgo Vulcano. Epaimahaiaren laudorioei ahotsa jarri zien Nerea Txapartegi zinegotziak: austriarren ikuskizuna «musikarik gabeko kantu batekin» parekatu zuen.

Sua izan zen atzoko protagonista, dudarik gabe, inoiz ikusi gabeko jardunak itxi zuelako festa. Hogeita hamar zezensuzko atera ziren kalera gauean, bata bestearen atzean, ume eta helduen gozamenerako. Honekin jai ekitaldi honen 30. urteurrena ospatzen zen. Aurretik Gipuzkoa Plazan ikusgai izan ziren zezen horiek guztiak, benetan irudi bitxia eskainiz.

Kofradiak, topera

Eta La Flamenkan zer? Ustekaberik izan ez bada, dagoeneko kaia garbitzen hasita egongo dira, desmuntatzeko lanari goizeko 04.30 aldera ekin behar ziotelako, azken jai gaua amaitu bezain pronto, beraz. Antolaketa maila izugarria erakutsi dute Donostiako Piratek aurten ere.

Aurretik, dagoeneko festaren zortzigarren eguna izan arren, ez ziren makal ibili kofradiak. Hiru adibide emateko, Aingurak Libertatia izeneko uharte bilakatu zuen jai gunea, gizarte mugimendu ugariren lana eta aldarrikapenak bilduz eta zabalduz, erakusketa baten bidez. Bizipoza kofradiak, aldiz, bereari ekin zion, kirolari; I. Bizikrosa antolatu zuten, Urgull mendiaren inguruan. Eta Xibaro77 delakoak herri bazkarian 300 lagun inguru bildu zituen. Presoei eskutitzak eta postalak idazten ibili ziren aurretik, jaietan egoterik ez dutenak oso gogoan dituztela garbi uzteko.

Bazkari goxoa izan zuten ere, egitarau ofizialera itzuliz, marmitako lehiaketan parte hartu zuten hemeretzi bikoteek. Jose Manuel Irigoien eta Tomas Nuñez izan ziren trebeenak, zortzigarren edizio honetan.

III. Sagardo Azokak ere gustura jarri dio bukaera festari. Datuak ikustea besterik ez dago: 500 botila sagardo eta 2.000 txotx egunero, 600 kilo tipula, 6.000 pintxo..