J.L.
Aizkora | Hirugarren Maila

Gora egin nahi dutenek lehen fasea gainditzea derrigorrezkoa izango dute

Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketa jokatuko da bihar, 12.00etan, Gorritiko pilotalekuan, eta aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute oraindik datarik ez duen finala jokatzeko txartela.

Eloy Kortxero, Iñaki Kintana, Done Intxausti, Xabier Garcia, Aitor Urteaga, Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Mikel Indakoetxea eta Joxeantonio Etxeberria izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Hiru izango dira finalerako sailkatuko direnak, eta izenak ikusita, Eneko Saralegi eta Asier Pellejero dira txartela lortzeko faborito nagusiak, gero hori plazan erakutsi beharko duten arren. Hirugarren txartela lortzeko hautagai asko egongo dira, baina agian oso kontuan hartu beharko da Mikel Indakoetxea.

Zubietako aizkolari gazteak lehen urtea du plazetan ofizialki lehiatzen, eta Nafarroakoan Bigarren Mailara igotzea lortu du. Ongi ikusi zen, eta agian bera ere faboritoen zerrendan sartu beharko da. Dena dela, lana oso laburra da, eta nerbioek ere zeresan handia izango dute.

Bigarren eta azken kanporaketa irailaren 28an Aizarnazabalen izango da. Han, Aritz Irazabal, Beñat Lekue, Xabier Dorronsoro, Jokin Alkizalete, Mieltxo Mindegia, Goizeder Beltza, Iban Resano eta Iker Vicente lehiatuko dira. Han ere biharko lan bera egin beharko dute, eta lehen hiru sailkatuek lortuko dute finalerako txartela. Aurten ere aizkolari kopuru handia izango da lehian, baina beste urte batzuetan baino gutxiago.