Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia
Vuelta

Baliabideak

Gaur egungo txirrindularitzan talde profesional baten funtzionamendu egoki bat bermatu ahal izateko, baliabide ugari behar direla jakinekoa da. Ez dit batere lotsarik ematen gure taldea Espainiako Vuelta honetan dagoen talderik apalena dela aitortzeak.

Ideia egin dezazuen, maila honetako lehiaketa batera etortzeko txirrindulari talde batek behar dituen gutxieneko baliabideak zeintzuk diren kontatzea pentsatu dut.

Alde batetik, pertsonala behar da; alor ezberdinetan espezializatutako profesional kopurua, alegia. Gurean adibidez, 9 txirrindulariez gain, 4 masaje emaile, beste 4 mekanikari, medikua eta bi zuzendari dauzkagu.

Beste talde askotan, fisioterapeuta, osteopata, sukaldaria, edota errekuperaziorako krioterapia edo antzeko sistemen arduraduna ere izaten dute. Baliabide materialak ere ez dira badaezpadakoak izaten: taldekideon garraiorako autobusa, tailer funtzioa betetzeaz gain bizikletak eta gainontzeko materiala garraiatzeko beste autobus bat, 3 auto, 30-40 bizikleta inguru, ordezko materiala, jan-edanerako elikagai eta edari pilo bat eta masajerako ohatilak, besteak beste.

Eta beharrezkoa al da horrenbeste? Ba badiotsuet guzti hau gutxienekoa baino ez dela! Gaur adibidez, 4 bizikleta txikitu ditugu konturatu orduko. Izan ere, taldeko auto gainean jarrita zihoazen eta auto gidaria aterpe baxu batean sartzerako, berandu izan da. Zeharo txikitu dira istant batean. Baina etaparen ordua eta ibilbidea ez dira aldatzen, eta edozein ezustekori aurre egin beharra dagoenez, denborarik galdu gabe hasi dira lau mekanikariak material berria prestatzen.

Gaurkoa hiru astetan gerta daitekeenaren adibide txiki bat baino ez da. Edozein ezusteko eta egoera aldrebesi aurre egiteko prest egon behar dugu, eta horretarako, gutxieneko azpiegitura bat beharrezkoa da. Gutxiengo horretatik aurrera, gehitu eta gehitu talde handiek dituzten makroestrukturetara iritsi arte. Aurrekontu ikaragarriak dituzte batzuek. Xehetasunik txikienak ere kontrolpean izaten dituzte errendimendurik onena atera ahal izateko.

Hoteletara iritsi bezain pronto akaroak akabatzeko lanean hasten dira zenbait taldetako langileak, edo azken egunotako beroari aurre egiteko adibidez, ur-potoetako edariak hotzak mantentzeko bidoi termiko bereziak prestatu dituzte. Gorputzaren tenperatura jaisteko txaleko bereziak banatzen ere ikusi ditut zenbait laguntzaile, edo golkoan sartzeko izotz poltsatxoak ematen ere bai.

Txirrindulariok ezin gara kexatu egia esan. Gure mesedetan jende askok lan egiten du, esfortzua ahalik eta eramangarriena izan dadin. Baina, hala ere, gorputzari jipoi ederra ematen ari gara egun hauetan. Gaur ere batez besteko 43-44 gradu C-ko tenperaturarekin 180 km bizikleta gainean eguerdiko ordu batean hasita... Eta gustura hala ere! Txirrindulari hauek ulertuko dituenik...